Mugaz Muga triatloi solidarioak emakumeak erdigunean jarriko ditu
Azaroaren 22an, emakumeei zuzendutako mugaz gaindiko triatloi solidarioa egingo dute Hondarribia, Irun eta Hendaia artean.
Hondarribia, Irun eta Hendaia bilduko ditu Mugaz Muga emakumeentzako triatloi solidarioak, azaroaren 22an. Traitloiak kirolaz asko badu ere, ikuspegi solidarioa eta aldarrikatzailea izango du, Bizirik, aske, beldurrik gabe lelopean. Kirol probak hainbat helburu izango ditu: emakumeen parte hartzea sustatzea, emakumeen arteko harremanak indartzea eta indarkeria matxistaren aurkako konpromiso kolektiboa agerian jartzea.
Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren, azaroaren 25, harira antolatuko dute lehenengo aldiz Txingudiko Elkarte Feministak, Emeki Elkarteak eta Hendaia Uretanek. Proba 9:00etan hasiko da Hendaian, eta 13:00etan Hondarribian amaitzea aurreikusi dute. Lehenengo proba igeriketa izango da: Hendaiako Nautika Zentrotik abiatuta bi kilometroko itsasoko oinezko ibilbidea. Ondoren, La Florida aparkalekutik Hondarribiko Benta aparkalekura arteko 15 kilometroko ibilbidea egin beharko dute txirrindaz. Eta azkenik, Bentan hasi eta amaituko den bost kilometroko lasterketa egin beharko dute. Izen ematea Kirolprobak atariaren bitartez egin beharko dute, azaroaren 15a baino lehen.
Ez da beharrezkoa hiru diziplinak egitea, emakume bakoitzak erabakiko du zein diziplinatan parte hartu nahi duen, bere lehentasunen eta aukeren arabera. Helburua parte-hartzea erraztea eta kirola bizitzeko modu desberdinak barne hartuko dituen esperientzia partekatua eskaintzea da.
“Triatloiak kirola tresna gisa erabiliko du indarkeria matxistaren aurkako gaitzespena ikusarazteko eta emakume guztiek indarkeriarik eta beldurrik gabe bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzeko”, azaldu dute.

