Garaipena lortu ezinik Plaiaundin
16 urtez azpikoek, Biok Txingudik eta Zaisa Txingudik ezin izan dute garaipenik lortu etxean; 18 urtez azpikoek garaipena lortu dute.
Txingudi Errugbi Klubeko taldeek ez dute esperotako denboraldi hasiera izan. Ahazteko moduko asteburua izan dute Plaiaundin jokatutako taldeek; hain zuzen, Zaisa Txingudik, Biok Txingudik eta 16 urtez azpikoek. Lehen aldiz etxeko publikoaren aurrean zelairatu ziren senior mailako bi taldeek, baina ezin izan zituzten punturik lortu.
Biok Txingudik entsaio bakarra egitea lortu zuen partidan, Iruñeko La Unica taldearen aurka. Hasieratik, Iruñekoen intentsitatea Txingudikoena baino handiagoa izan zen. Intentsitate altua markagailuan islatu zen eta. atsedenaldirako 5-15ko aldeko markagailua izan zuen talde nafarrak. Maila fisikoari eutsi zioten nafarrek, eta azkenean, 5-40 markagailuarekin amaitu zen norgehiagoka.
Zaisa Txingudik ere ez zuen bere egunik onena izan La Unica B-ren aurka. Partidak irabazteko konponbidea bilatu nahian dabiltza buru belarri baina hasieratik ezin izan zuen partidan nagusitu. Unean uneko jokaldiak izan zituzten Bidasoko jokalariek, eta 60. minutuan markagailuan zuten aldea murriztea lortu zuten, 17-24. Sorpresa saihestu nahian, talde nafarrak martxa bat igo eta garaipena ez eskapatzeko intentsitatea igo zuen. Azken unetan, 17-36 markagailua zabaldu zuten iruindarrek.
Harrobia, gazi-gozo
Harrobiko bi taldeek Ordiziaren aurkako partidak izan zituzten. 16 urtez azpiko taldeak Plaiaudin jokatu zuen asteburuko lehia. Goierriko taldeak ez zien aukerarik eman Txingudikoei, eta ezin izan zuten garaipena eskuratu, 20-48 amaitu baitzen. 18 urtez azpiko taldeak Lekarozen jokatu zuen, eta kasu honetan bai, garaipena eskuratzea lortu zuten. Hasiera txarra izan bazuten ere, atsedenaldira heldu baino lehen markagailua iraultzea lortu zuten, eta 31-14 irabazi.

