20 urtez azpiko taldeek nota ona izan dute, Madrilen
Bidasoa Atletiko Taldea Madrilen izan da asteburu honetan Espainiako klub onena izateko lehian; gizonezkoak bosgarrenak izan dira; emakumezkoak, seigarren.
Denboraldiaurrean bete-betean, 2026-2027 denboraldiko lehen hitzordu garrantzitsua izan dute Bidasoa Atletiko Taldeko gazteek. Kluben arteko 20 urtez azpiko Espainiako Txapelketan izan dira gizonezkoen zein emakumezkoen taldeak. Bi taldeek Espainiako klub onena izateko A finalean jokatu dute, Madrilen.
Gizonezkoen taldeak iazko emaitza berdintzea lortu du, bosgarrena. Lehiaketaren bezperan ilusio handia zuten, eta motibazio horrek lagundu die iazko markari eusten. Larunbatean hainbat proba jokatu zituzten, eta orotara, 83 puntu eskuratu zituzten. Emaitzen artean aipatzekoa da Markel Garranchok, Alai Cabellok, Hugo Vazquezek eta Seckou Sissokok 4x400m erreleboetan lortutako Gipuzkoako errekorra. Bestalde, Iker Piñeira 400 metro hesietan garaile izan zen; eta podiumean, beste sei kirolari izan ziren.
Emakumezkoen taldeak, berriz, estreinako aldia zuen finalean. Larunbatean egindako jarduna “historikoak” direla aipatu du klubak, “bi taldeek historia egin dute”. Finalera sailkatutako zortzi taldeetatik seigarrenak izan ziren BAT-eko gazteak, 81 puntu lortuta. Gainera, bosgarren postua gertu izan zuten; soilik, 6 puntutara. Nesken kasuan, Alaine Agerralde, 400 metro hesietan; Elsa de la Cruz, pertikan; Arinette Ngole, diskoan; eta, Noa Esteban, xabalinan, garaile izan ziren. Naia Llorente ere podiumera igo zen altueran bigarren izan ostean.
Madrilen jokatutako txapelketa aire libreko denboraldiko azken proba izan da. Asteburu honetan egindako lanak indarra emango die kross eta pista estaliko denboraldiari aurre egiteko.

