Trafikoaren arintasuna hobetzeko biribilgune berria egin dute Azken Portun
Arbes-Oinaurre AP-8 autobidearen proiektuaren lehen azpiegitura da; biribilgune honek norabide guztietako biraketak erraztuko ditu.
Lau hilabete ondoren, Azken Portuko biribilgune berria martxan da. Gipuzkoako Foru Aldundiak etorkizuneko Arbes-Oinaurre AP-8 autobidearen lehen azpiegitura burutu du. Biribilgune berri honek eskualdeko mugikortasuna eta konexioak hobetuko ditu; alegia, trafikoa arinago bihurtuko du. Artiga pasealekuaren eta GI-636 errepidearen arteko lotura hobetuko du, biribilgune berriak norabide guztietako biraketak erraztuko baititu. Orotara, aldundiak 756.961 euroko inbertsioa egin du.
Irun barneko joan-etorriek eta Behobiatik datorren trafikoak bat egiten duten puntua da Azken Portu. Biribilguneari esker, zirkulazioa ordenatu eta Irunerako sarbidearen funtzionaltasuna hobetuko dute. Gainera, AP-8arekin Arbes-Oinaurre eremuan egingo den lotune osoaren funtzionamendurako funtsezko elementua izango da.
Azken Portuko biribilgune berria amaituta, datozen hilabeteetan Hondarribiko Amute auzoan biribilgune berria egingo dute. Honek, egungo bidegurutze semaforizatua ordezkatu du. Azaroan hasiko dira obrak, eta sei hilabeteko epea izango dute.
Bidegorrian ere hobekuntzak
Amuteko biribilgunea egitearekin batera, auzoaren konexioa hobetzeko eta bidegorrian sarea hobetzeko, N-638 errepidearekin paraleloan Hondarribiko erdialdearekin lotuko duen bidegorria egingo dute. Egun, proiektua lizitazio fasean dago, laster gauzatzeko. Mendelun ere, bizikletentzako eta oinezkoentzako ibilbide berria egingo dute, ingurua bulebarizatuko duena. Proiektua dagoeneko esleitu da, eta datozen hilabeteetan idatziko dute.

