Gabonetako Azokan erakusmahai bat aurkezteko epea zabaldu dute
Abenduaren 11tik urtarrilaren 5era arte izango da Zabaltza plazan; berritasun gisa, Gipuzkoako artisauek eta Irungo GKEk parte hartu ahalko dute.
Eguberrietarako asteak falta badira ere, gaur Gabonetako Azoka aurkeztu dute. Abenduaren 11tik urtarrilaren 5era arte zabalik egongo da, Zabaltza plazan. Urteroko legez, azokak etxolen berezko argiztapena, Gabonetako elementuak eta gastronomia postuak izango ditu. Egun seinalatuetan egitarau berezia antolatuko dute: tailerrak, ipuin kontalariak, txotxongiloak, magia ikuskizuna, musika…
Horretaz gain, aurtengo azokak berritasun nagusia izango du: edizio honetan hemezortzi postu esleituko dituzte azokan artisau eta GKEtarako. “Tokiko ekonomiarentzat funtsezko pizgarri eta bultzada da Gabonetako Azoka, Zabaltza Plaza eta inguruak elkargune bihurtzen baititu, kaleak dinamizatzen dituen gune neuralgiko bat guztion poltsikoen onurarako”, azaldu du Nuria Alzaga Ekonomia Sustapenerako ordezkariak. Hemezortzi postu horietatik, bederatzi Gipuzkoako artisauentzat bideratuko dira; irundarrek lehentasuna izango dute. Beste zortziak merkataritzara zuzenduko dira; eta azken erakusmahaia Irungo GKEtarako izango da.
Azaroaren 5era arte egin ahal izango dute Irunen dauden Gipuzkoako artisau eta artisauen saltokiek eta Irungo GKEk. Esleipen prozesuan eguberrietako gaiarekiko kidetasuna kontuan hartuko dute. Produktuen originaltasunaz eta eskaintzaz gain, aurreko edizioetan parte hartu dituzten saltokiek lehentasuna izango dute. Eskabideak udal webgunearen edota HAZen egin beharko dute.
Onartutako merkatariek hiru tarte izango dituzte azokan parte hartzeko. Batetik, azoka irekitzen den egunetik ixten duten arte egoteko aukera izango dute, hau da, abenduaren 11tik urtarrilaren 5era arte; bestetik, abenduaren 11tik 22ra arte; eta azkenik, abenduaren 23tik urtarrilaren 5era arte. Aurkezteko lehenengo epean plazak bete gabe geratzen baldin badira, aurkezteko bigarren epe bat zabalduko dute.

