Donibane Lohizune - Hondarribia, 3.700 korrikalari eta hainbat trafiko mozketa
Igandean egingo dute lasterketaren 27. edizioa. Aireportuko errepidea moztuko dute, eta Kale Nagusian amaituko da maratoi erdia.
Arraun munduan sortu zen Donibane Lohizune – Hondarribia lasterketa, 1997an Joxemi Elduayen Hondarribia Arraun Elkarteko presidentea eta Rafael Indo Ur Joko arraun elkarteko bazkidea elkartu ziren, eta bien artean lasterketa bat diseinatu zuten, bi hirien arteko kirola sustatzeko. 27. edizioa egingo dute aurten, igandean, eta 3.700 korrikalari izango dira bertan.
Donibane Lohizunen hasten da lasterketa, Ferdinand Foch plazan, eta aurretik 21,1 kilometro izango dituzte korrikalariek. Maratoi erdi bat da, eta maila altuko korrikalariak ikusi izan dira urte askotan zehar. Amaiera Kale Nagusian izango da, Hondarribian, malda gora, baina lehenago Urruña eta Ziburu arteko itsaslabarrak igaro beharko dituzte, baita ere Hendaiako hondartza eta Irun. Lasterketa nahiko laua izan arren, baditu bere maldak, kostaldean gehien bat. Puntu altuena 66 metrotan dago, 10. kilometroan, eta igoera metatua 225 metrokoa da.
Lasterketan zehar, errepideak itxiak egongo dira. Beraz, aireportuko errepidea itxi beharko dute, gutxienez 12:45era arte. Udalak iragarri du, soilik hegaldiak dituztenei irekiko zaiela bidea, Kostatik. Kostatik bideratuko da trafikoa. 10:00-12:45 izango da lasterketaren iraupena, baina ez dute zehaztu ze ordutan itxiko den errepidea.
Izaera solidarioa
3.700 korrikalari horien dortsal bakoitzetik euro bat Elikagaien bankura eta Mindara elkartera zuzenduko da. Horrela, lasterketak bere izaera solidarioa mantentzen du, urtez urte elkarte edo fundazioei zuzentzen die eta irabazien zati bat.

