Dinamika txarrari amaiera eman nahi diote behingoz
Beti Gazte lesakarren aurka galdu zuten aurreko asteburuan Hondarribia Futbol Elkarteko lehen taldeko gizonek, hirugarren porrota bilduz. Bihar, Arrasaten jokatuko dute, Mondragon taldearen aurka.
Ez dabiltza dinamika onean, baina berriro ere, astebururo bezala beste aukera bat izango dute aurrean. Hirugarren partida jarraian galdu zuen Hondarribia Futbol Elkarteko gizonezkoen lehen taldean aurreko asteburuan, Beti Gazte talde lesakarraren aurka (1-2). Ongi hasi zuten denboraldia, baina dinamika txarrean sartu dira azkenaldian. Halere, aurrera begira jarraitzen dute, eta talde berria izanik kategorian, maila ona erakutsi dute orain arte. Bihar jokatuko dute hurrengo partidua, Mondragonen aurka.
Aurreko asteburuan, etxean jokatu zuten, Ondartza futbol zelaian, eta ederki hasi zuten partidua. “Lehen minutuetan gola sartu genuen. Unai Cuenak baloia berreskuratu zuen gure area kanpoan, eta jaurtiketa luze batekin Kerejeta aurkitu zuen goian. Haien akats bat aprobetxatuz haien atera hurbildu zen aurrelaria eta bertan sartu zuen gure gola”, azaldu du Ion Arza taldeko bigarren entrenatzaileak. Lehen gol hori ez zen abantaila bat izan berdezkoentzat Arzaren ustez. “Hurrengo minutuetan jada erritmoa jaitsi genuen, eta Beti Gaztek hobe jokatu zuen. Atsedenaldira irabazten iritsi ginen, baina bigarren zatian berdin jarraitu genuen, haiek nagusitasunarekin izanez”.
59. minutuan iritsi zen lesakarren lehen gola. “Berdintasun horrekin hobe hasi ginen jokatzen, baina ez ginen asko hurbildu atera”, azaldu du Arzak. 25 minutu falta zirenean, lau aldaketak egin zituen Hondarribiak, jakinda arriskutsua zela. “Azken aldaketa egin eta minutu batera, gure kapitainari, Lander Arzuagari, sorbalda dislokatu zitzaion. Beraz, 10 jokalarirekin jokatu genituen azken 25 minutuak”. 93. minutuan sartu zuen Beti Gaztek 1-2a.
Bihar, Arrasaten
Asteburu honetan Mondragon aurrean izango da. Puntu berdinak dituzte Arrasateko eta Hondarribiko taldeek: 7. Mondragonek partidu bat irabazi du eta beste bat galdu. Lau berdinketa lortu ditu. Iaz zortzigarren amaitu zuten Ohorezko Erregional Mailan, hamabi partidu irabaziz, hamaika berdinduz eta hamaika galduz. Bihar 16:30ean jokatuko dute.

