Azaro amaieran Lurraldebusen maiztasunak hobetuko dituzte
Hilaren 1ean linea aldaketek eragindako maiztasun arazoak direla eta, bizilagunak Azahara Dominguez Mugikortasun diputatuarekin bildu dira.
Lurraldebusek lineen eta ordutegien aldaketak iragarri zituen hilaren 1erako Oarsoaldean eta Bidasoan. Aldaketa horiek hautsak harrotu zituen herritarren artean, eta kexa ugari helarazi dizkiete asteotan Gipuzkoako Foru Aldundiari. Gaur, Azahara Dominguez Mugikortasun diputatuak ordutegi aldaketen berri eman du, Irungo Bizilagunen Federazioarekin batera Palmera Monteron egindako prentsaurrekoan. Pozik azaldu dira hainbesteko buruhausteren ondoren, azaroaren bukaeran aurretik martxan zeuden ordutegiak berreskuratuko dituztelako. Aldaketak bi eskualdeetan eragina izango dute, eta herrien arteko, eta batez ere, Donostiarekin duten konexioa hobetuko dute.
Maiztasunak hobetzearekin batera, linea berriak gehituko dituzte Hondarribian eta Irunen. Lineen izen aldaketarekin batera, maiztasunak gutxitu zituzten. Gaur, ordea, linea berrien izenen xehetasunak eman ditu Dominguezek, eta Hondarribitik Donostiara joateko aukera ugari egongo direla jakinarazi du. BI02 lineak, Hondarribitik Donostiara Amaratik joateko E21 linearen ordutegiak berreskuratuko ditu; autobusak 45 minutuan behin ibiliko dira bi noranzkoetan, astelehenetik igandera. BI03 linea bakarrik asteburuetan eta jai egunetan ibiliko da, eta Hondarribia–Irun–Oiartzun–Errenteria–Pasaia Antxo–Donostia ibilbidea egingo du, Grosetik; 30 minutuko maiztasuna edukiko du. Asteko gainerako egunetan, bi linea berri eskainiko dira. Bat, BI08 izango da: Hondarribia–Errenteria–Pasaia Antxo–Donostia, N-I errepidetik. Bestea, BI09: Irun–Errenteria–Pasaia Antxo–Donostia, N-I errepidetik.
BI07 lineak Bidasoko bi herriak Antiguako unibertsitateekin lotuko ditu. Orain arte, E28 lineak zerbitzu hori eskaintzen zuen, eta azaroaren amaieraz geroztik E28 linearen ordutegiak berreskuratuko ditu. Zerbitzua hobetzeko, Hondarribitik irteera berriak gehituko dira 06:00etan, 07:00etan, 07:30ean eta 08:00etan, ikasleak klasera garaiz iritsi ahal izateko. Beste irteera berri bat ere egongo da 21:00etan.
BI08 eta BI09 lineek Irun eta Donostia lotzen dituzten E20 eta E26 lineen ordutegiak berreskuratuko dituzte, hurrenez hurren. BI09 lineak ordutegi zabalagoa izango du egunean zehar, eta gainera, Anaka auzotik ere pasatuko da. Horrek Irunerako zein Donostiarako bidaia gehiago gehitzea ekarriko du.
Hondarribia eta Irun lotzen dituen BI05 lineak 15 minutuko maiztasuna izango du astegunetan; asteburuetan eta jaiegunetan, 30 minutukoa. Astelehenetik ostiralera, 05:30etik 21:00etara izango da martxan, bi noranzkoetan; 21:00etatik aurrera, 20 minutuan behin egongo dira autobusak, 22:20ak arte. Azken bidaia 22:50ean izango da, bi noranzkoetan. Asteburuetan eta jaiegunetan, 09:00etatik 21:00etara izango dira bidaiak; 21:00etatik 22:50era, maiztasuna 20 minutura igoko dute.
Bizilagunak eskertuta
Asteak daramatzate bizilagunek aldundiarekin harremanetan jarri nahian, sinadura bilketak egitera iritsi arte. Asteazken honetan, Dominguezekin bilera bat egin zuten eta orduan zehaztutakoa gaur argitara eraman dute. Autobus ordutegien kexen artean, Hondarribia eta Irun Donostiako Ospitalearekin lotzen duen lineak jasandako aldaketak izan dira.
BI06 linea da ibilbide hori egiten duena, eta aldaketa berri hauek martxan jarri bezain laster asteko zazpi egunetako zerbitzua martxan jarriko dute. Astelehenetik ostiralera, 06:10ean aterako da lehenengo autobusa Hondarribitik. Asteburuetan, berriz, zortzi bidai egingo ditu zerbitzu honek: Hondarribitik irteerak 06:50, 09:10, 10:10, 13:10, 13:50, 16:10, 19:10 eta 20:50ean izango dira; Donostiatik, ordea, 08:15, 10:15, 11:15, 14:15, 15:15, 17:15, 20:05 eta 22:15ean.
“2024an hasi ginen gaiaz hitz egiten, afera serioa zela ikusi genuen. Hondarribia eta Irunen arteko lineak kezkatzen gintuen. Ordutik, komunikazio ona izan dugu lehenbailehen ordutegiekin genituen arazoak konpontzeko. Oso eskertuta gaude aldundiak izan duen entzute aktiboarekin”, adierazi du Jose Barreirok.
Bide beretik, Dominguezek argitu du hiru aste hauetan 100 pertsona baino gehiagorekin bildu dela hobekunzak ahalik eta eraginkorrenak izateko. Bi herritako udalekin biltzeaz gain, bizilagunen iritziak eta kexak kontuan hartu ditugu. “Lurraldebusek orain arte izan duen zerbitzuarekin aurrera jarraitu nahi dugu. Urtetik urtera, apustu handia egiten dugu garraio publikoa eskuragarri eta eraginkorra izan dadin”, gehitu du.
Txingudira sartzeko arazoak
Dominguezek argitu du lanean dabiltzatela Txingudi Merkatal Gunera sartzen den linea berreskuratzeko. BI04k Hondarribia, Bidasoko Ospitalea, Katea eta Txingudi merkataritza-gunea lotzen ditu. “Oraingoz, ordea, ezinezkoa da hori egitea, merkataritza-guneko gasolindegiaren inguruan sortzen diren trafiko-arazo larriengatik”, azaldu du. Dagoeneko bilerak egin dituzte Txingudiko zuzendaritza batzordearekin arazo honi berehalako irtenbidea emateko.

