Aldundiaren osasun mentalaren arloko estrategia berria udaletara zabaltzea eskatu du Hondarribiko Udalak
Hilabete hasieran aurkeztu zuten estrategia berria, hurrengo lau urteetara begira eta bost ardatz nagusirekin. Alkateak, Babacar Welleren kasua jarri du mahai gainean, inoiz errepikatu ezin den adibide moduan.
Estitxu Urtizberea eta Igor Enparan, artxiboko argazki batean. Osasun mentalaren arloko estrategiak aurkeztu zituen urriaren 5ean Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hondarribiko Udalak positibotzat jo du aldundiak aurkeztutako lanketa, baina era berean, eskaera bat egin dio: haien estrategia udalekin eta tokiko erakundeekin ere partekatu dezala. Horren funtsa, udal ezberdinetako gizarte langileek haren edukia, aurreikusitako neurriak eta jarduteko irizpideak ezagutzea da.
Igor Enparan alkateak Babacar Welleren auzia jarri du mahai gainean. “Estrategia honek balio dezala Babacar Welle herritarrarena bezalako kasuak berriro gerta ez daitezen eta pertsona guztiek behar duten laguntza garaiz eta modu koordinatuan jaso dezaten”, adierazi du Enparanek. Jakina da Welle udaleko gizarte zerbitzuetatik hurbil zegoela, eta udal langileek duela urte batetik zutela haien egoera kontuan. Baina haren hilketaren harira alkateak adierazi zuenez, “gauzak beste modu batean egin ahal ziren”.
Aldundiak aurkezturiko estrategia lau urterako aurreikusita dago, eta barnean bost ardatz, 12 helburu eta 52 proiektu biltzen dira. Bost ardatzak hurrengoak dira: Gobernantza eta gizarte osasuneko koordinazioa; prebentzioa, sustapena eta komunitatearen inplikazioa; sarea beharretara egokitzea; genero, ekitate eta inklusioaren ikuspegia; ezagutza, berrikuntza eta kalitatea. Eider Mendoza diputatu nagusiak aurkezpenean azaldu zuen estrategia hau beharrezkoa zela, “geroz eta kasu konplexuagoak” baitaude gizartean, besteak beste.
Herritarren zaintza da udalaren ardura, eta gizarte sailetik hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte. Era berean, gertuen duen administrazioa da herritarrarentzat, beraz, ahalik eta prestatuen egoteko nahia erakutsi du udalak aldundiari egindako eskaerarekin. “Osasun mentalaren arloko politikek herritarren beharrei erantzun eraginkorra eman diezaieten, ezinbestekoa da administrazioen arteko lankidetza indartzea eta udalerriak estrategiaren garapenean inplikatzea”, esan du alkateak.
Gertutasuna oinarri
Herritarrarekiko gertutasuna da udalak aldundiarekin alderatuta izan dezakeen abantaila. Baina gertutasun hori erabiltzen jakin behar dute gizarte langileek, eta horregatik, profesionalen etengabeko formakuntza garrantzitsua da udalaren ustez. Aldundiaren estrategiek formakuntza horretan eragin dezaketelakoan egin du udalak eskaera. “Udalok lehen eskutik ezagutzen ditugu haien kezkak, beharrak eta egoera konplexuak. Ezagutza hori baliatzea eta informazioa modu egokian partekatzea funtsezkoa da behar diren laguntzak garaiz aktibatzeko eta arreta koordinatua eskaintzeko”, nabarmendu du alkateak.

