Jaizkibelen suebaki berriak egingo dituzte, pista bi hilabetez itxiz
Gipuzkoako Forfu Aldundiak suebaki berriak egingo ditu, baina hori ez ezik, hainbat zuhaitz exotiko kenduko dituzte, ametzak landatzeko, Jaizkibelgo ekosistema bereizgarria berreskuratzeko helburuarekin.
Iazko martxoako Jaizkibelgo suteak hainbat hektarea suntsitu zituen, eta horrek udalaren alarmak piztu zituen. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin jarri zen kontaktuan udala, etorkizuneko suteak deuseztatzeko forma berriak aztertuz. Orain, suteen prebentzioan arituko da aldundia, eta horregatik, bi hilabetez Jaizkibelgo erdiko pista itxita egongo da.
Suebakiak egingo dituzte pistaren bi aldeetan, 4,75 kilometrokoak, jada bertan dauden suebakiekin lotuz. Horretarako, bertan dauden zuhaitzak eta zuhaixkak moztu beharko dituzte. “Ulertzen dugu zuhaitzak mozteak kezka sor dezakeela, baina lan hau beharrezkoa da, suteak prebenitzeko”, azaldu du Garoa Lekuona Ingurumen zinegotziak. Urriaren 27an, datorren asteartean, hasiko dituzte lanak.
Suebakiak egiteaz gain, pistaren alboetan dauden eta arriskutsuak izan daitezkeen adarrak moztuko dituzte, bertan ibiltzen diren herritarren segurtasuna bermatzeko, eta larrialdiren bat gertatuko balitz, suhiltzaileen kamioia erraztasunez pasatzeko. Udalak adierazi du 1990. eta 2000. hamarkadetan hainbat zuhaitz landatu zirela Jaizkibelen hegoaldeko aldean. Orain, zuhaitz horiek mantenu lanik gabe hedatu dira, desorekatuta haziz eta horrela basoa menderaezin bihurtuz.
Ekosistemak berreskuratuz
Horregatik, landatutako hainbat espezie exotiko moztuko dira, eta horien ordez, Jaizkibelen autoktonoa den ametza landatuko dute bertan. “Epe luzera Jaizkibel osasuntsuago bat lortzea da helburua”, azaldu du Lekuonak. Jaizkibelgo ekosistema bereizgarriak leheneratzea da xedea. Lan ezberdinetan moztutako enborrak Guadalupeko parkinean pilatuko dira, eta beraz, aparkalekuko zati bat itxita egongo da.

