Aurreiritziak, estereotipoak, eta pertsonen multzoak Mapa Beroan
Gurutze Gorriak pertsona askok lan bila ari direnean jasan behar dituzten aurreiritziak eta estereotipoak azaleratzeko ‘Kontratatu gabe’ kanpaina aurkeztu du, Mendibil merkatal gunean.
Lana bilatzeko prozesua zaila izan ohi da, luzea eta trabaz beterikoa. Askotan, ezkutuan dauden oztopoei aurre egin behar izaten diete pertsona askok enpresa batean lanean hasteko. Aurreiritzi eta estereotipo horiek kalera atera ditu Gurutze Gorriak, Kontratatu gabe kanpainaren bitartez. Oztopo horiek, bereziki, zenbait kolektibok jasan behar dituzte; esaterako, 45 urtetik gorakoek, emakumeek, atzerritarrek edota gazteek, besteak beste.
Gauzak horrela, Gurutze Gorriak aurreiritzi horiek ikustarazteko mapa interaktiboa aurkeztu du Irunen, eta bihar, Gasteizen eta Bilbon, Mapa Beroa. Gaur goizean Mendibil merkataritza gunean izan dira jendearen erantzunak jasotzen. «Kanpaina honekin urte asko daramagu. Aurten kalera ateratzeko erabakia hartu dugu, herritarrengan zuzenean eragiteko asmoz», azaldu dute jendearekin hartu-emanean aritu diren langileek. Guztira, lau langile izan dira goizean zehar: bi langile komertzioak bisitatzen eta beste biak jendea mapa beroan parte hartzera animatzen. Aho batez azaldu dute hausnarketa bat egiteko garaia dela, eta horretarako ezinbestekoa dela enpresen iritzitik harago jendearen erantzuna ere jasotzea. Bide beretik, lana lortzeko prozesuan irizpide bakarrak talentua eta gaitasuna izan behar dutela gaineratu dute, aurreiritziak eta estereotipoak albo batera utzita.
Orain arte, enpresak eta komertzioak bisitatzen izan dira haien erantzunak jaso nahian. Horretarako, diru-zorroak banatu dituzte dendetan estereotipoak jasotzeko. Kalera ateratzeko formatu berri honi esker, ordea, jendartearen iritzia jasotzeko aukera izan dute. «Hausnartzeko kanpaina garrantzitsua da, eta pozik gaude jendearen parte hartzearekin». Goizeko lehen ordutik jende andana pasa da Gurutze Gorrikoen postutik, eta mapa beroa erraz bete dute.
Funtzionamendu erraza du Mapa Beroak. Erakusmahaira hurbiltzen den herritar bakoitzak pertsona baten pegatina bat jasotzen du, eta lau multzo dituen Mapa Beroan itsatsi behar du: jatorriagatik aurreiritziak jaso ditzaketenena da multzo bat; beste bat, adinagatik baztertuak izan daitezkeenena; generoagatik ere aldeak badaudela adierazteko da hirugarren multzokoen txokoa; eta azkenik, aurreiritzirik jasoko ez dutenen zatia dago. Iritziak pertsonalak eta errespetagarriak direla argitu dute: «Zorionez, bete dugun lehenengo multzoa aurreiritzirik jaso behar ez luketenen multzoa da. Horrek esan nahi du jendea kontziente dela pertsona askok bizi duten egoera zein den».
Bilbon eta Gasteizen
Irunen ez ezik, Bilbon eta Gasteizen ere izango dira bihar. Alegia, Kontratatu gabe kanpaina EAE mailako kanpaina bat dela azaldu dute, «balio handiko kanpaina bat da, eta herritarrengan zuzeneko eragina izan nahi dugu». Gurutze Gorriak adierazi du egitasmoak jarraipena izango duela aurrerantzean, erantzunek eragina izango dutelako ustea dute.

