Txingudi Errugbiko taldeek ez dute liga hasiera ona izan
Zaisa Txingudik estreinaldi zaila izan du Durango-Mutrikuren aurka, 15-22 galduta; Biok Txingudik 44-5 galdu du Donostiaren aurka.
Ez dute liga hasiera ona izan Txingudi Errugbiko bi talde nagusiek. Gizonezkoek zein emakumezkoek partida zailak izan zituzten larunbatean, eta ezin izan zuten punturik lortu. Zaisa Txingudik Durango-Mutrikuren aurka jokatu zuen etxetik kanpo, Durangon; eta puntu bakarra eskuratu zuen. Biok Txingudik partida zaila izan zuen Anoetako Miniestadioan Donostiaren aurka.
Gizonezkoen taldeak defentsa sendoa erakutsi zuen hasieratik. Minutuak pasa ahala akatsak eta arau-hausteak nabarmendu ziren; hala ere, ahaleginak egin zituzten atsedenaldira markagailuan aurretik joateko. Bigarren zatian, jokoaren aldetik parekotasun handia egon zen. Azken minutuetan egindako akatsak garesti ordaindu zituzten Txingudiko jokalariek, eta azken markagailua 22-15 izan zen.
Emakumezkoen taldeak partida zaila zuen Donostiaren aurka. Hasieratik, donostiarren jokoak aurre egin zion Biok Txingudiko defentsari. Etxekoen azkartasuna gakoa izan zen defentsan hutsuneak sortzeko eta linea gainditzeko. Atsedenaldinarako Donostiak markagailua aldekoa zuen, eta bigarren zatian bide beretik jarraitu zuen. Azkenean, 44-5 porrota jaso zuten ligako bigarren partidan.
Datorren astean, bi taldeek etxeko lehen partidak izango dituzte Plaiaundin, Iruñeako La Unicaren aurka. Gizonezkoen kasuan, La Unica B taldearen bisita jasoko dute. Emakumezkoek, berriz, sailkapenean lehenengo puntuak batzeko aukera izango dute talde nafarraren aurka.
Harrobiak, lan bikaina
16 urtez azpiko taldeak garaipen argia lortu zuen Bilbon. Uni Bilbo B-k ezin izan zuen ezer gutxi egin Txingudiko gazteen aurka. Partida osoan Txingudikoak nagusi izan ziren, 0-121 markagailua lortuta. 14 urtez azpikoen taldeak zazpiko errugbiko jardunaldia izan zuen Lasarte-Orian, eta hauek ere garaipena lortu zuten aurreko asteko sentsazio txarrak atzean utzita.

