Ekoetxea Txingudik Asteklimarekin bat egingo du
Igande honetan, hilak 25, egun osoko egitaraua antolatuko dute trantsizio energetiko eta klimatikoaren premiaz herritarrak kontzientziatzeko.
Egunotan, Asteklimaren zortzigarren edizioa antolatu dute, Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen baitan. Ekoetxea Txingudik bat egin du Ihobe sozietate publikoak eta Energiaren Euskal Erankundeak antolatutako egitasmoarekin. Honen helburua trantsizio energetikoaren eta klimatikoaren premiaz herritarrak kontzientziatzea da, eta horretarako, doako jarduerak antolatu dituzte Irunen. Adin guztietarako zientzia, familiaren parte hartzea eta natura ondarea uztartzen dituzten jarduerak egingo dituzte, Zure keinuek kontatzen dute, guztionak eraldatzen dute lelopean.
Asteburu honetan dagoeneko jarduera batzuk burutu dituzte Bidasoa ibaiertzean eta Plaiaundin. Larunbatean ibaia ezagutzeko jarduera antolatu zuten 12 urtetik gorakoentzat. Igandean, berriz, parke ekologikoko landareak aztertzeko jarduerak egin zituzten haurrentzat.
Igande honetarako egun osoko egitaraua aurkeztu dute, jardueretan parte hartzeko izena eman beharko dute. Goizez zein arratsaldez klima azoka antolatuko dute eguneroko ohiturei buruz hausnartzeko eta gizarte iraunkorrago baterantz aurrera egiteko zazpi erakusmahaiekin. Bertan, klima aldaketaren kausak, energia, etxeko ohiturak, mugikortasuna, aisia, kontsumoa, lurzoruaren babesa eta ikuspegi pertsonaletik aldaketari egin dakiokeen ekarpena azalduko dute. Goizeko txanda 11:00etatik 14:30era izango da; arratsaldekoa, aldiz, 15:30etik 18:00etara zabalik egongo da.
Azokaren irekieraren aurretik, 10:30ean hasita, Eta naturari lekua itzultzen badiogu? tailerra antolatuko dute San Lorentzo aintzirari buruz. Tailerra amaitu eta segituan, 12:00etan, Naturwoman ikuskizuna egingo dute familiak klima aldaketari buruz umorez eta hurbiltasunez sentsibilizatzeko. Ikuskizunerako sarrerak agortu dira dagoeneko. “Klima aldaketaren aurrean, ez dugu balentria handirik behar, keinu txiki etengabeak baizik”, adieraziko dute ikuskizunean. Arratsaldean, 16:30etik 18:30era osagai naturalak dituzten jolas materialak sortzeko tailer familiarra egingo dute, 6 urtetik gorakoentzat. “Ruth eta Laida”ko tailerreko kideekin batera, plastilina eta beste baliabide batzuk landuko dituzte, eta horrela produktu bakoitzaren inpaktua zein neurritakoa den aztertuko dute.

