Bularreko minbiziaren egunean, Hondarribiko Udala adierazi da
Adierazpen bateratu bat publikatu dute lau alderdi politikoek. Bularreko minbizi kasuak gora doazela adierazi dute, eta instituzioen konpromisoa eskatu.
Asteazkenean lazo arrosak jarri zituzten Kasino Zaharrean (irudikoa) eta Emekin Bularreko minbiziaren munduko eguna da gaur, eta horrelako egun markatuetan ohikoa izaten da Hondarribiko Udalak adierazpen bateratu bat aurkeztea, talde politiko guztien artean sinatutakoa. Gaur, hala izan da. Abotsanitz, EAJ, EH Bildu eta PSE udal taldeen izenean bidali dute adierazpena.
Datuak ematen hasi dute oharra, adieraziz estatu espainiarrean 2025ean, hau da, iaz, 6839 pertsona hil zirela bularreko minbiziaz, eta hori bera, 2024arekin alderatuz, %2,7ko igoera baten irudia dela. “Urtez urte kasuak ugaritzen ari dira, eta, gainera, gero eta intzidentzia handiagoa antzematen da adin goiztiarragoetan: 2025ean 38.682 kasu berri atzeman dira, eta 2026an 38.318 kasu izango direla aurreikusten da”.
Bularreko minbizi metastasikoa gaur egun sendaezina da oraindik. Udalak uste du bertan jarri behar dela indarra, era berean alderdi “gogorrena eta ahaztuena” da eta. “Hasierako faseetan diagnostikatutako emakumeen % 20 eta % 30 artean metastasiak garatzera iritsiko direla kalkulatzen da. Metastasia diagnostikatu ondorengo batez besteko bizi-itxaropena lau edo bost urte ingurukoa da, nahiz eta paziente batzuk denbora gehiagoz bizi diren, tumore azpimotaren eta tratamenduei emandako erantzunaren arabera”. Halere, tratamenduek eragindako neke fisiko zein psikologikoa gogorra dela esan du udalak.
Konpromiso eske
Udalaren ustez garrantzitsua da norberak bere burua aztertzea. Tumoreen %65 pazienteek detektatzen dituzte, eta udaletik adierazi dute gizonek ere egin beharreko ariketa badela, 100 kasutik 1 gizonezkoena izaten baita.
Administrazio guztiek arreta jarri beharko luketela uste dute udal taldeek, eta benetako konpromisoa erakutsi hurrengo puntuetan:
- Ikerketa sustatzea. Ikerketarik gabe ez dago etorkizunik. Ikerketak bizitzaren zerbitzura egon behar du, ez irabazi ekonomikoaren menpe. Garrantzitsua da minbizi metastasikoaren tratamenduak, biziraupena eta bizi-kalitatea hobetzeko beharragatik.
- Legegintza eta aurrekontu-politikak garatzea, bularreko minbiziaren —eta bereziki metastasikoaren— ikerketari lehentasuna emango diotenak, eta tratamendu berritzaileak bultzatuko dituztenak, gaixoen bizi-itxaropena eta bizi-kalitatea hobetzeko.
- Diziplina anitzeko lanketa integrala ezartzea, besteak beste, psiko-onkologia, zainketa aringarriak, fisioterapia, minaren maneiua eta laguntza soziala barne hartzen dituena.
- Jarduteko protokolo bateratuak ezartzea, eta paziente bakoitza duintasunez artatzeko aukera emango duen profesional/paziente ratio egokia bermatzea.
- Osasunaren, gizarte-zerbitzuen eta lan-sistemaren arteko benetako koordinazioa sustatzea: bularreko minbiziari ez zaio ospitaleetan bakarrik aurre egiten, gizarte- eta lan-eskubideen eremuan ere bai.
- Legea berrikustea eta kutsatzaile eta produktu kimiko kaltegarrien debekua sendotzea, industriari erantzukizuna eskatuz eta ingurune osasungarriak bermatuz (baldin eta ebaluazio zientifiko justifikatuan oinarritzen bada).

