Bi atxilotu Irunen, Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman zain
34 urteko gizona eta 22 urteko emakumea dira atxilotuak, eta ustezko "terrorismo" delitua egotzi diete. Beraiek aurkeztu dira Irungo Ertzain Etxean.
Irungo ertzain etxea. Bi lagun atxilotu ditu Ertzaintzak Irungo komisarian. Atzo atxilotu zituzten 34 urteko gizona eta 22 urteko emakumea, eta biei ustezko “terrorismo” delitua egotzi diete beti ere Segurtasun Sailak zabaldu duen informazioaren arabera. Iturri berek zabaldutako informazioaren arabera, joan den hilabetean egindako kontrol batean segurtasun indarren gaineko informazioa, Guardia Zibilaren gainekoa zehazki, atzeman omen zieten, baita “ustez, armak eta lehergaiak dituen leku bat aurkitzekoa ere”.
Bi lagun horiek ez zituzten orduan atxilotu, atzo atxilotu zituen Ertzaintzak euren abokatuarekin batera Irungo ertzain etxean aurkeztu zirenean. Une honetan Irungo ertzain etxean dira bi atxilotuak, eta deklarazioa hartu bezain pronto Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku jarriko dituztela esan du Segurtasun Sailak.
Kriminalizazio saiakera
Atxiloketen eta horren bueltan zabaldutako informazioarekin lotuta, oharra zabaldu du Aske antolakundeak gaur. Jardun Koordinadora kriminalizatzeko saiakera salatu du irmo: “bi atxiloketak Jardun Koordinadora seinalatu eta honen aurkako kriminalizazio kanpaina martxan jartzeko baliatu dute, atxiloketek koordinadorarekin inolako loturarik ez duten arren”. Atxiloketak gertatu eta berehala hasi zirela Espainiako komunikabide nagusiak horren berri ematen azaldu du, “beste behin ere, beren makinaria errepresibo eta mediatiko gutzia martxan jarriz”. Gaineratu du, “sobera ezagunak” direla halako kanpaina mediatikoen erabilera Euskal Herrian, “gizartean beldurra hedatzeko”.
Aske antolakundeak gogor salatu du Jardunen koordinadoraren kontrako kriminalizazio saikera hori eta era berean adierazi du ez duela onartuko “Euskal Herri langilearen kontrako inolako erasorik”.
Bukatzeko, atxilotutako bi pertsonen familia eta ingurukoei babes eta elkartasun osoa adierazi die Aske antolakundeak, “datozen egunetan pairatuko duten presio mediatikoaren aurrean”. Atxilotuak askatzea ere galdegin du Askek.

