Ernaik elkarretaratzea egingo du hil amaieran "herritarren aldeko autobus zerbitzuak" eskatzeko
Urriaren 30ean 19:30ean San Juan plazan elkartuko dira, salatzeko Lurraldebus zerbitzuen aldaketek murrizketak ekarri dituztela, onurak beharrean.
“Gipuzkoako Foru Aldundiak hobekuntzak egin dituztela sinestarazi nahi izan digu. Errealitatea, ordea, zeharo ezberdina da”. Irungo Ernai kritiko agertu da orain aste batzuk indarrean sartu zen Lurraldebuseko zerbitzu berrien neurriarekin. Murrizketak salatu eta herritarren beharretara egokituko diren zerbitzuak aldarrikatu ditu.
E21 eta E25 lineen maiztasunak murriztu izanak “jada saturatuta zeuden lineak oraindik eta gehiago saturatu” ditu, antolakundearen arabera. Halaber, Hondarribitik eta Irundik EHUko Donostiako Ibaeta campusera joateko lineak bateratu izanak “unibertsitatera joatea ezinezko misio” bilakatu du, “gazte asko eta askorentzat”. Zerbitzuen izenak aldatzearen ondorioz, herritarrek birmoldatu egin behar izan dute eta horrek nahasmendua ekarri du batzuentzat. “Argi eta garbi utzi nahi dugu aldaketa hau guztiz soberan zegoela, ibilbide gehienak beren horretan utzi dituztelako”, esan du Ernaik.
Bestalde, antolakundeak gogoratu du azken urteetan “erabiltzaile eta langile askok” aldarrikatu dutela eskualdeko autobus zerbitzuak hobetzea, eta egindako aldaketek, ordea, ez dutela hobekuntzarik ekarri: “Hobekuntza horiek egiteko aukera egon denean Aldundiak zerbitzuak oraindik eta gehiago murriztu ditu, eskualdeak erakundeen partetik jasotzen duen abandonuan oraindik eta gehiago sakonduta”.
Horregatik guztiagatik, datorren urriaren 30ean elkarretaratzea egingo dute San Juan plazan 19:30ean, Garraio Publikoa Herritarron Mesedetan lelopean.

