Jaizubiko biribilgunean trafiko aldaketak izango dira igande eta astelehen gauean
Asfaltatze lanak egingo dituzte, lehenik ospitale aldean (igande gauean), eta, ondoren, Jaizubiko aldean (astelehen gauean).
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du igande eta astelehen gauean GI-636 errepidea itxiko dutela, Jaizubiko biribilgunearen inguruan, zoruan egingo diren mantentze lanak direla eta. “Biribilguneko egungo errodadura-geruzaren aldaketa aurreikusi da, nahasketa bituminoso berri batekin”, adierazi du aldundiak.
Igandetik astelehenerako gauean ospitale aldeko errepidean arituko dira, eta beraz, Jaizubiko aldeko errepidea irekita egongo da. “Bidasoako Ospitalera sartzeko, Letxunborro etorbidea erabiltzea gomendatzen da”, iragarri du aldundiak.
Astelehenetik astearterako gauean, aldiz, alderantziz. Jaizubiko aldeko errepidean egingo dituzte lanak, eta beraz beste aldetik pasatzeko aukera irekiko dute.

