Iparra eta hegoa deuseztatzeko Paraleloa
Hendaia, Irun eta Hondarribia batzen ditu Paralelo 0 jaialdiak. Iparraren eta hegoaren kontzeptuak hausteko eta Bidasoko herriak musikaren bidez lotzeko xedea dute asteburu honetan.
Larunbatean Psilocyben izango da Mikosis taldea Hendaia, Irun eta Hondarribia. Borderline Fabrika, Lakaxita eta Psilocybenea. Iparra eta hegoa deuseztatzen dabiltza Bidasoan, hiru herrien arteko harremana sustatuz, indartuz eta herriari zabalduz. Harreman politikoak eta instituzionalak bertan izan dira beti, baina Paralelo 0 jaialdiak beste zerbait gehitu nahi izan du Bidasoa ibaiaren bokaleko ekosistemara: harreman kulturala. Musikak hartuko ditu hiru herriak asteburu honetan, banaka-banaka, Hendaian hasiz eta Irunen amaituz, erdigunean Hondarribitik pasata. Iaz estreinatu zuten Paralelo 0, eta aurten dataz aldatu dute, Bidasoko udazken ilunean argi-izpi txiki bat ager dadin.
Borderline Fabrikako Ander Fernandezek bota zien Lakaxitako eta Psilocybeneako kideei ideia, hiru espazioak elkartzekoa, elkarrekin programazio bat osatzeko. «Hiru tokietako hiru pertsona elkartu ginen iaz, eta jada hurrengo urteari begira jarri ginen. Hasieratik bagenekien aurrera zihoan proiektu bat zela», esan du Fernandezek. Borderlineko

kideak argi du espazio bakoitzak bere publikoa duela, baina elkar ezagutza beharrezkoa zela, hiru herriak eta hiru herrietako jendea biltzeak zerbait berezia sor zezakeela alegia.
Beharra aipatzen du Fernandezek, elkartzeko beharra, iparraldearen eta hegoaldearen arteko banaketa hori dinamitatzeko beharra. Hondarribiar edo irundar batek askotan harreman gehiago izan ohi du Hendaiarekin, alboko herri gipuzkoarrekin baino. Hurbiltasun geografikoa da hor oinarria, baina elkarteen arteko harremanak, edota aldarrikapen egun handietan egiten den lotura begien bistakoa izan ohi dira. Txingudiko badiak eta Bidasoa ibaiak elkartzen ditu hiru herriak, baina asko dira Hondarribitik edo Irundik Hendaiara bizitzera joan izan direnak, baita alderantziz ere. Kulturalki, herri bakoitzak bere programazioa du, eta askotan ezberdina izan arren, aniztasun horretan aurki daiteke aberastasuna. Borderline Fabrikan askotan aritzen dira zirku, antzerki edota dantza munduan. Lakaxitako kideak, gune autogestionatua den heinean, musika eta aldarrikapen politikoak uztartzen aritzen dira, baina baita askotariko programazioa antolatzen ere. Psilocybenea, aldiz, musika elkartea da, eta kontzertuak eskaintzeaz gain, entsegutarako lokalak jendez betetzen dira astero. Bakoitzak bere berezitasunak ditu, baina Paralelo 0 jaialdiak elkartzen ditu.
Puntu komunak badituzte Fernandezen ustez hiru eremuek. «Denak antolatzen gara horizontalki, azken finean elkarte edo gune sozial moduan ulertzen ditugu eta. Hori ez ezik, esango nuke feminismotik ekiten dugun hiru espazio bagarela, eta noski, euskararen defentsan aritzen garen hiru agente garela». Horregatik, Fernandezek uste du espazio batera ohikotasunez joaten den ikusle bati interesgarri zaiola horrelako egitasmoen bidez jakitea beste bi tokietan zer programatzen den, nola eraikitzen den, eta zer eskaintzen duen. «Hori bada honen helburu handienetako bat, jendeak ezagutzea zer dugun alboko herrian, zer eskaini dezaketen etxetik kilometro gutxira, eta kultura bizirik dagoela Bidasoan», gehitu du Fernandezek.
Musikatik harremanak lotzen
Musika da Paralelo 0 jaialdiaren oinarria, musika festibal moduan aurkezten dute eta. Baina musikak baditu modu eta bide asko, eta antolatzaileek azaldu dute ez dutela inoiz aterik itxiko. «Musikan oinarritzen gara, bai, baina aurten adibidez Txaranga Urretabizkaiaren preformancea izango dugu jaialdiko lehen egunean, musika eta haien antzerki modukoa uztartuz», esan du Fernandezek. Programazioa antolatzerako ere era horizontal horretan sinisten dutela garbi azaldu dute egitasmoaren sustatzaileek. «Aurten, gainera, Lotura eta Bloody Marie gehitu zaizkigu, beraz, laguntza izan dugu». Esperientzia handiko programatzaileak dira jada Bloody Marie disko dendako kideak, urte osoan zehar Lakaxitan eta Psilocybenean erakusten duten moduan. Loturaren kasuan, programazio plataforma gazteagoa da, baina Bidasoko, Madrilgo eta Bartzelonako aretoetan eta kaleetan hainbatetan izandakoak dira, musika elektronikoa eta zuzeneko taldeak uztartuz, besteak beste.
Hainbat irizpide izan dituzte aurtengo taldeak aukeratzerakoan. Badira gutxienekoak beti bete behar dituztenak, beharra eta nahia uztarturik. «Mugaren bi aldeko taldeen oreka mantentzea bada gure irizpideetako bat, eta noski, emakumeen presentzia areagotzea eta bermatzea», azaldu du Fernandezek. Bidean zailtasunak izan dituzte, normala den moduan, gaur egungo musika eszenak dituen ezaugarriek baldintzaturik. Geroz eta lehenago ezartzen dira kontzertuen datak, eta askotan, areto txikiagoentzat zaila izaten da kontzertu handi eta masifikatuen aurka egitea. «Zailtasunek egiten dute bidea, eta horrela joan gara pixkanaka kartela osatzen. Aurten eskaintza zabala izango dugu».
Gaur (ostirala) hasiko da jaialdia, Irun eta Hendaia arteko Etorbidearen zubian, Txaranga Urretabizkaiarekin. Borderline Fabrikan izango du gaurko programazioak jarraipena, Bigboy zumaiarrekin eta Rrucculla Izaskun Gonzalez bilbotarraren proiektuarekin. Larunbatean (bihar) Lakaxitan hasiko da eguna, arratsaldean, Ekhi Lamberten eskutik; ondoren, Panda Valium ziburutarrek hartuko dute gaztetxeko oholtza. «21:00etatik aurrera Psilocyben izango gara, Mikosis gernikarrak izango ditugu bertan. Ondoren, Joseba B. Lenoir Gangek disko berria aurkeztuko du, potentea izango da. Azkenik, Adur, rave punk taldea ariko da». Aurten, berritasun moduan, igandean beste saio bat izango da Bordeline Fabrikan, Reichmelt eta Nora Sigue DJen musika elektronikoarekin.

