Maddalen Arte Guneko komisariotzarako izen ematea ireki du udalak
Sandra Cuestak bideratzen du aurten proiektua, baina 2027ra begira, eskuz aldatuko da, eta horrela urtez urte.
Maddalen Arte Guneak hirugarren garaia aurrean ikusten du jada. Judas Arrieta izan zen lehen komisarioa, 2025. urtean, eta aurten, Sandra Cuesta da arte gunearen buru. Hurrengo urteko komisarioa erabakitzeko prozesua hasi du udalak, eta horretarako, jendeak izen ematea da lehen pausoa. Banaka edo taldeka eman dezakete izena interesatuek.
Proposamenak abenduaren 4r arte jasoko ditu udalak, erregistro elektroniko bidez edo BAZen bertan. Hautatutako komisarioak Maddalen Arte Guneko urteko programazioa diseinatu eta garatuko du, erakusketak, egonaldiak eta tailerrak antolatuz. Herriko artistak dira programazioaren oinarriak eta laguntzaileak. “Era berean, Udalaren beka-programaren bidez lagundutako artisten erakusketetan aholkularitza eta jarraipena eskainiko ditu”, azaldu du udalak.
Hautaketari buruz mintzatu da Ortzi Alonso Kultur zinegotzia: “Komisariotza urtebeteko iraupeneko proiektua da, eta hasieratik izan da Udalaren helburua txandakatzea sustatzea, artista gehiagok aukera izan dezaten espazio horretan beren proposamenak garatzeko. Judas Arrietaren eta Sandra Cuestaren komisariotzak esperientzia oso positiboak izan dira, eta jarraipena eman nahi diogu, beste urte batez”.

