Gipuzkoako pintxorik onena Hondarribian dago, Tatapasen
Gipuzkoako pintxo txapelketa irabazi berri du Tatapas gastrotekak, Donostia Gastronomika jardunaldien barnean. 'Nigiri txistulari' pintxoa izan da garailea.
Donostia Gastronomika Aurreko astean ospatu zuten Donostia Gastronomika, Kursaalean. Bertan, mundu osoko sukaldariak eta sukaldaritzak biltzen diren arren, pisu handia izan ohi du euskal gastronomiak. Horregatik, Gipuzkoako pintxo lehiaketa bertan egin izan ohi da. Aurten, Hondarribira iritsi da saria, Alde Zaharrera, Tatapas gastrotekara. Adur Arrieta sukaldariak gidatutako sukaldeal esperientzia handia jaso du azken urteetan horrelako txapelketetan, mundu osoko gastronomien fusioa eginez. Bigarren saria ere Bidasoan geratu da, Irunen, Naroa kafetegian.
2019an ireki zuten haien jatetxea Arrietak eta Taliska Victoria Rebuit Levich Tatak, hainbat urtez Ibizako Amalur jatetxean elkar lan egin ondoren. Brasildarra da Tata, eta biek, mundua ezagutzeko grina izan dute betidanik. Hainbat herrialdeetan egon dira bidaiatzen, bertako gastronomiaz ikasten. Hori da haien jatetxean irudikatu nahi izan dutena azken urteetan, mundu osoko sukaldaritzek Hondarribian ere badutela lekua. “Ezberdinak gara, eta Hondarribian bereziki bakarrak egiten dugunaren inguruan”, azaldu zuen Arrietak saria irabazterakoan.
Nigiri txistulari izan da aurtengo Gipuzkoako txapelketako pintxo garailea. “Arroz frijitua, pikillo tartarra, antxoa eta wasabi bolatxoak”, horrela deskribatzen du gastrotekak pintxoa haien menuan. Japoniako osagaiak eta teknikak, Euskal Herriko antxoekin eta piperrekin uztartuta sortu zuen bikoteak pintxo irabazlea. Arrietak, irabazi ondoren, adierazi zuen ez zutela espero irabaztea, baina horrelako sariek lanean jarraitzeko gogo handia eragiten diela.
Erdi Aroko pintxo onenaren bila
Aipatzekoa da ere irailaren 28an, Gasteizen izan zela Tatapas, Euskadiko gilda txapelketan, eta etxera brontzezko dominarekin itzuli zirela. Hori ez ezik, hilabete bukaeran Extremadurara hurbilduko da Arrieta, Erdi Aroko Pintxo lehiaketara. Ederki ezagutzen du sukaldariak txapelketa, 2022an irabazi egin zuelako. Aurten, Sari eta galsoro artean da aurkeztuko duen pintxoa.

