1936ko gerratik 90 urtera, Hondarribiak badu zer esan
Hondarribiko Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu urrian zehar, 1936ko gerraren harira. Historialarien hitzaldiak, omenaldiak eta aitorpenak egingo dira, udalaren "konpromiso politiko eta etikoa berresteko asmotan".
Irungo eta Hondarribiko errefuxiatuak, Hendaian. 1936ko gerra pasarte historiko garrantzitsua da Euskal Herri osoan. Gerraren izaera krudelak diktadura bat ekarri zuen hurrengo ia lau hamarkadetan, eta harekin batera, euskal gizarteak erabateko aldaketa jasan zuen. Herri bakoitzak baditu bere istorioak, eta herri bakoitzak badu nor gogoratu eta nor omendu. Hondarribian, aste honetan izango da horretarako aukera, 1936ko gerratik 90 urte pasa dira, eta urteurrena aitzaki moduan hartuz, “konpromiso politiko eta etikoa berretsiko du” udalak.
Urrian zehar hainbat ekitaldi antolatu dira, denek 1936ko gerra oinarri dutelarik. Urriaren 15ean, Pedro Barruso, Jose Ramon Enparan, Koldo Ortega eta Aitzol Arroyo historialariek hitzaldi bat eskainiko dute Kultur Etxean. Hondarribian izandako biktima mortalei buruz aritu dira, gerra garaikoak eta frankismoaren lehen urtetakoak. Hurrengo egunean, Arroyok, Aitor Azurki kazetariarekin batera, haien liburua aurkeztuko dute: Euzkadiko borrokalarietako bat naiz. Liburu horretan Gipuzkoan izandako borrokalari internazionalistei buruzko ikerketa azaltzen dute, osotasunean 180 atzerritar identifikatuz.
Urriaren 28an, biktimak eta haien familiak aitortzeko ekitaldia egingo du udalak. Udaletxean izango da hitzordua. Azkenik, Kai Zaharrean Hondarribiko memoria historikoa berreskuratzeko panel informatiboa jarriko da, eta horren aurkezpena, urriaren 31n egingo dute. Alde informatiboa lantzeko eta alde emotiboa edota konpromiso etikoa lantzeko konpromisoa erakusten du udalak programazio anitz horrekin.
“Urte luzez, minak, beldurrak, isiltasunak eta ahanzturak eragin zuzena izan dute belaunaldiz belaunaldi transmititu den memoria kolektiboan. Horregatik, gaur egun iragan hori ezagutzeko eta aitortzeko urratsak ematen jarraitzea ezinbestekoa da”, adierazi du Ortzi Alonso zinegotziak. Memoria edota historia iraganeko zerbait ez dela adierazteko beharra sentitu du udalak horrelako egitasmoa antolatuz, “memoria historikoa demokraziaren eta giza eskubideen oinarriak sendotzeko tresna” ere badelako.
Egiaren beharra
Errepresioak sortutako beldurrak belaunaldi askori eragin diote herrian, eta horrek hainbat eta hainbat istorio utzi ditu itzalpean. Haietako asko jada betirako galdu izan dira, baina badira ere oraindik azaleratzeko badiren beste hainbat. “Egia, justizia eta erreparazioa ez dira hitz hutsak izan behar. Udal gisa, gure esku dauden tresnen bidez memoria berreskuratzen, dokumentatzen eta gizarteratzen jarraitu behar dugu. Biktimen izenak eta bizipenak gure herriaren historiaren parte dira”, gehitu du Alonsok.

