Stadium Gal: 100 urtez txuribeltzen gotorleku
Real Union futbol taldearen etxeak 100 urte bete ditu. 1926ko irailaren 19an jokatu zen han lehen partida; ordutik, Irungo futbol taldearen gora-beheren agertoki izan da.
Erraz esaten da Stadium Galek 100 urte dituela. Mende bat. 1926ko irailaren 19an estreinako partida jokatu zuen Real Unionek Bidasoa ibaiaren ertzean dagoen futbol zelaian, Bartzelonaren kontra. Estreinako partida bina amaitu zuen. Urteotan, Real Union taldearen gotorleku bihurtu da Stadium Gal. Talde txuribeltzak momentu onak eta ez hain onak bizi izan ditu azken mendean. 100×65 metroko berdeguneak ez du aldaketarik izan ordea, beti leku berean mantendu dute.
Salvador Etxeandia Gal dute Stadium Galen sortzaile. Etxeandiak futbol zelaia eraikitzeko lurrak erosi zituen, bere poltsikotik ateratako diruarekin. Etxeandiaren historia Carlos Fernandez de Casadevantek mendeurrenaren harira ateratako liburuan zein dokumentalean kontatu du. “Irunek futbol zelai bat behar zuen, eta Etxeandiak erositako lurrak Irungo Udalari utzi zizkion, Bidasoa ibaiaren ondoan futbol zelai berria eraikitzeko”. Udalak Salvador Etxeandiaren amaren abizena, Gal, erabili zuen futbol zelaiari izena emateko. 1926tik 1997ra arte futbol zelaiak ez zuen aldaketa askorik izan. Partida askotan, baina, txiki geratu zen, irundarrek eta ondoko herrietako futbol zaleek harmailak betetzen baitzituzten. Garaiko datuek diote estreinako partidara 11.000 pertsona bertaratu zirela.
Futbol zelaiak alde banatan bi harmaila zituen, eta horiek aukera ematen zuten futbolaz harago beste ekitaldiak antolatzeko. 1950ko hamarkadan, adibidez, futbol zelaian belodromo bat egin zuten. Txirrindularitzaren hitzordu handiak antolatu zituzten urte horietan. Besteak beste, 1950eko Espainiako Itzulia hasi eta bukatu zen han. Seigarren etapa, gainera, Bilbon hasi eta Stadium Galeko belodromoan amaitu zen, eta etapa horren biharamunean, txirrindulariek Iruñera arteko ibilbidea belodromotik hasi zuten.
1997-1998 denboraldia hasi aurretik aldaketa handia jasan zuten harmailek. Gaur egun zutik jarraitzen duten harmailak orduantxe eraiki ziren. Dokumentalean, garai hartako taldekideek harriduraz kontatzen dute birmoldatzearen prozesua nolakoa izan zen. “Lehen mailako futbol zelaia izatera pasa zen Stadium Gal”. Obrak egin bitartean, askok ez dakiten arren, Real Union etxeko partidak jokatzeko Errenteriara lekualdatu zen. Denbora batez, Lartzabalgo futbol zelaia txuribeltzen etxe bihurtu zen.
Behin obra horiek eginda, egun dauden bi tribunek irudi “zoragarria” utzi zutela azaldu du Casadevantek. Egun, 5.500 ikuslerentzako tokia du zelaiak. Albo banatako tribunek 3.000 eserleku dituzte; hain zuzen, tribuna nagusian 1.700 eserleku daude, eta ekialdekoan 1.300. Ateen atzeko harmailetan zutik egoteko aukera dute zaleek, bi eremu horietan ez baitago eserlekurik.
Erregional mailatik gau magikoetara
Stadium Galen, erregional mailako partidez gain, Espainiako Kopako lehia handiko partidak jokatu ditu Irungo taldeak. Gau magiko ugari bizitzeko aukera izan dute irundarrek, etxean. Erregional mailan urte ugari eman zituen taldeak. Partida esanguratsu batzuk aipatzearren, Bigarren B mailara igotzeko partida Mirandesen kontra 1993an, Bartzelonaren aurkako partida futbol zelaiaren 50. urteurrenean, edo Real Madrilen aurkako Errege Kopako kanporaketa, 2008. urtean.
Galen 50 urteen Bartzelonaren kontrakoa oso berezia izan zen: 1976-1977 denboraldian, Real Union Hirugarren Mailan ari zen, eta Irungo taldeak talde kataluniarra Irunen jokatzera gonbidatu zuen. Bartzelonan, Rinus Michelsen gidaritzapean, Johan Cruyffek, Johan Neeskensek edota Carles Rexachek jokatzen zuten besteak beste. Irundarrentzat egun oso berezia izan zen. Urteurrenaren dokumentalean azaltzen diren jokalari ohiek harrotasunez kontatzen dute partida hura jokatzea zer izan zen.
2008ko urriaren 29a eta azaroaren 11 memorian iltzatutako egunak dira irundarrentzat: Espainiako Kopako kanporaketa jokatu zuen Unionek Real Madrilen kontra. Zale horietako askok, gainera, aukera izan zuten bertatik bertara etxeko eta Madrilgo bi partidak bizitzeko. Joanekoa Irunen jokatu zen, 3-2ko irundarren aldeko markagailuarekin amaitu zen partida. Itzulerakoa Santiago Bernabeu futbol zelaian jokatu zen, eta partida 4-3 galdu arren, kanpoan sartutako golen balio bikoitzari esker Real Unionek final zortzirenetara sailkatzea lortu zuen. Hainbeste urteren ondoren, final-zortzirenetara Real Madril kanpoan utzita sailkatzea klubaren garaipen handienetako bat izan da, mailaz igotzeko jokatutako partidekin batera.
Stadium Galeko berdegunetik maila handiko jokalari eta taldeak pasa dira. Azken urteetan, ordea, Real Unionek ez ditu urte oparoenak izan. Iaz, Lehen Federazio Mailarako igoera lortu zuen, eta aurten ere, Espainiako hirugarren koskan da Ramses Gilek zuzentzen duen taldea. 1926an estreinatutako estadioa irundarren txoko kuttunetako bat da, une on eta eskas asko jasotakoa. Real Union edozein mailatan egonda ere, zuri-beltzen etxe izaten jarraituko du.

