Fenomena, sua piztuta mantentzeko lanean
Hamaikagarren edizioa izango da aurtengoa, iaz hamargarren urteurrena ospatu ondoren. Motorpsycho talde norvegiarra izango da eguneko izarra, baina maila altuko kontzertuak izango dira denak antolatzaileek azaldu dutenez.
Fenomenako kideak, kultur zinegotziarekin batera. HONDARRIBIKO UDALA Larunbatean egingo dute Fenomena jaialdia, beti bezala, Hondartzako parkignean. Aparkaleku horretan karpa agertzerakoan, jendeak badaki musika ederra gertu dagoela, eskaintza kulturala ezinbestekoa izango dela. Aurten, ez da gutxiago izango, eta maila altuko taldeak eta musikariak hurbilduko dira Fenomenako oholtzara. Iaz hamargarren urteurrena ospatu zuten, eta harrezkero “herriarekin heldutasunera iritsitako harreman bat” sortu dutela uste dute Fenomenako antolatzaileek. Hondarribiko udalarekin elkarlanean egindako proiektua da urtez urte.
Harreman horri eustea da orain antolatzaileak duten helburua, “sua piztuta mantentzea”. Horretarako, jendea erakartzen jarraitzeko, ezinbestekoa da eskaintza musikalaren mailari eustea. Orain arte, izen handiko musikariak elkartu dira Fenomenako karpa hartan, hala nola, Niño de Elche, Biznaga, Ruper Ordorika, Tulsa, Vulk, TOC, eta Cuello. Aurten, mailari eusten jarraitzeko, Motorpsycho talde norvegiarrak lideratzen du aurkeztutako kartela. “Trondheimdik, rockaren historiako kasu bakarra eta gaur egun aktibo dauden talderik sailkaezin eta sortzaileenetako bat, The Gaia II Space Corps aurkeztera datorrena Hondarribira”, azaldu dute.
Norbegiarrekin batera, Dream Nails britainiarrak izango dira oholtzan. Emakumezkoen hirukoteak ehunka areto suntsitu ditu jada haien melodiekin eta aldarrikapenekin. Punk munduan mugitzen dira, beti ere aldarrikapen feministak lehen lerroan izanik. Britainiarrak 18:00etan izango dira oholtzan. Haiek baino lehen Usted taldeak irekiko du taldeen zerrenda, 17:00etan. “Roberto Mirandaren proiektua da Usted, jazza, pop elektronikoa edota progresiboa ukituz”. 22:00etan bizkaitarrak oholtzan, Silitiaren txanda. Baina kontzertuak amaitzean ez da festa bukatuko. “Jaialdia zuzenekoetatik harago luzatuko da Tiraya [Madril] DJaren saioarekin, electro, urban, afro eta latin. 23:00etan hartuko ditu platerak Fenomena 2026 ixteko”.
Surfa, gizartea hobetzeko
Urtero moduan, Fenomenak irabazien zati bat elkarte edo eragile sozial bati zuzenduko dio. Aurten, Euskadi Surflari egitasmoa izango da. “Surfaren inguruko familia batek sortutako egitasmo honek gizarte hobea eraikitzen eta hainbeste behar dugun trantsizio ekosozialean bere ekarpena egiten jarraitzen du”. Fenomenako antolatzaileek azaldu dutenez, lau puntutan banatzen da haien lana:
- Surfa gizarteratze-tresna gisa. Bazterketa arriskuan dauden gazteak laguntzen dituen Kolore Guztiak elkartearekin batera, Txapuzones Surferos antolatzen dituzte: hondartzan eta surfean partekatutako jardunaldiak.
- Kirol-materiala jaso eta berrerabiltzea. Surf-trajeak eta taulak, bodyboardak, osagarriak, monopatinak, patinak, bizikletak, baloiak… Behin prest jarrita, baliabide gutxi dituen jendeak gozatzeko berrerabiltzen dute edo salgai jartzen dute.
- Bigarren bizitza bat berrerabili ezin denari. Erabilgarri ez diren trajeekin diru-zorroak, motxilak eta bestelako osagarriak egiten dituzte; gainerako materiala birziklatu egiten da.
- Arropa eta merchandising propioa. Beren webgunean eta proiektuari ikusgarritasuna eta diru-sarrerak ematen dizkion merkatari laguntzaileen sarean salgai.

