Larunbatero, emakumeen autodefentsa ikastaroa antolatuko dute
Bidasoa Atletiko Taldeak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, 'Emakumeok mugimenduan' programa martxan jarriko du doako jarduerekin.
Bidasoa Atletiko Taldeak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, bigarren urtez jarraian Emakumeok mugimenduan programari jarraipena emango dio. Larunbatean, hilak 3, emakumeen autodefentsa ikastaroaren lehenengo saioa egin zuten. Bertan, dozena bat emakume bildu ziren, eta Geaxi Moredak emakumeak ahalduntzeko funtsezko tresnak erakutsi zituen. Wushuren, Txinako borroka-arte zaharraren, teknikak irakatsi zituen Moredak. Entrenamendua 14 urtetik gorakoentzat zuzenduta dago, eta arrisku egoerei aurre egiteko trebetasun praktikoak garatzera bideratuta dago, osotasun pertsonala arriskuan jarri gabe.
Saioak larunbatero izango dira, 09:00etatik 11:00etara. Ordubeteko bi saio egingo dituzte, eta Emakumeok mugimenduan programari esker, saioak doakoak izango dira. Hemen kontsulta daiteke izena emateko informazioa.
Entrenamendu taldeak, hilaren 19an
Bestalde, Emakumeok mugimenduan programaren baitan, korrikan aritzeko taldeko entrenamenduak bueltan dira. Susana Ruizek gidatuta, hilaren 19a, astelehenarekin, lehenengo saioa egingo dute. Abenduaren 19ra bitarte, astelehenero, asteazkenero eta ostiralero entrenamendu saioak egingo dituzte Plaiaundin. Astelehen eta asteazkenetan bi txanda prestatu dituzte: 09:15etik 10:15era eta 18:00etatik 19:00etara. Ostiraletan, berriz, arratsaldez saio bakarra egingo dute, 18:00-19:00 bitarte.
Saio hauen bidez, gorputza indartu, errendimendu fisikoa hobetu eta lesioak prebenitzeko ariketak egingo dituzte. Gutxienez astean egun bat joaten diren emakumeek saria edukiko dute. Korrika hastapenetan egindako lanari esker, Super Amara Gabonetako Krosean korrika egiteko dortsala eskuratuko dute. 5 kilometroko lasterketak Irungo Erdialdeko kaleak alderik alde zeharkatuko ditu abenduaren 19an.

