Kostaldearen aldaketei erantzun bat emateko Uhinak kongresua egingo dute Ficoban
Ostegun eta ostiral honetan, hilak 8 eta 9, Klima aldaketari eta Itsasertzari buruzko nazioarteko zazpigarren biltzarra antolatuko du AZTIk.
Zazpigarren urtez jarraian, AZTIk urteroko hitzordua izango du aste honetan Ficoban. Ostegunean eta ostiralean, hilak 8 eta 9, Klima Aldaketari eta Itsaserzari buruzko Nazioarteko Biltzarra antolatuko dute, klima aldaketak kostaldean dituen arriskuez ohartarazteko. Atzo, aurtengoaren aurkezpen ekitaldia egin zuten Ficoban, bertan. Uhinak kongresua Irunen egitearen garrantzia azpimarratu zuen Cristina Laborda alkateak: “Kllima aldaketak kostaldean dituen arriskuei buruz Irunen hitz egitea ez da urruneko zerbaitez hitz egitea. Gure orainaz hitz egitea da, eta, batez ere, gure etorkizuna nola azaldu nahi dugun azaltzea da”.
Edizio honek, gainera, kostaldeko herrietan azpimarra berezia egin du. Klima aldaketaren aurrean ez dago erantzun bakar bat. “Aurrea hartu, inbertitu, elkarlanean aritu eta jardun egin behar dugu”, gehitu dute. Jose Ignacio Asensiok, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasuneko diputatuak, ondorioei erantzuteko tresnak nabarmendu ditu: “Biztanleriaren % 40 kostaldetik gertu bizi den lurralde batean, egokitzapena ez da jada premia hutsa: premiazkoa da. Horregatik, Gipuzkoa tresna aitzindariez hornitzen ari da; hala nola, eskualde eta toki mailako Klima Aldaketara Egokitzeko lehen Planaz eta Bideometriako Foru Sareaz”.
“Orain galdera da zer gertatuko den gure kostaldeko tarte bakoitzean eta zenbat denbora izango dugun erantzuteko. Erantzun hori zientziatik etorri behar da, datuekin eta ahalik eta ziurgabetasun txikienarekin, administrazioek eta sektoreek garaiz erabaki ahal izan dezaten”, gehitu du Rogelio Pozok, AZTIko zuzendariak.
Hitzaldiak eta mahai inguruak
Kongresua ikerketa zientifikotik abiatuko da. Ostegunean, hilak 8, bi hitzaldi egingo dituzte. Batetik, Antonio Turielek, CSICeko ikertzaile zientifikoak, Ipar Atlantikoan zirkulazioan egon daitezkeen inflexio-puntuei buruzko eztabaida zientifikoa azaleratuko du. Bestetik, Melisa Menendezek, IHCantabriako ikertzaileak, itsas mailaren eta olatuen muturreko gertakarien aldakortasuna jorratuko du.
Bigarren jardunaldian, ostiralean, bi mahai inguru antolatuko dituzte: Egokitzapenean jardutea: kostaldea eraldatzen ari diren proiektuak eta Egokitzapena pentsatzea: etorkizuneko kostalderako estrategiak eta gobernantza. Saio hauek ahozko 40 komunikaziorekin eta 25 posterrekin osatuko dira. Lehenengo mahai inguruak kostaldearen kalteberatasuna murrizteko dagoeneko garatzen ari diren esperientziak bilduko ditu. Hala nola, Zarauzko hondartza, Galesko Denbighshireko kostaldea eta Akitania Berriko proiektuak landuko dituzte. Bigarrenean, berriz, KAIA koordinazio foroak Gipuzkoako Bideometriako Foru Sarea eta Iparraldean garatutako kostaldeko arriskuak kudeatzeko estrategia aurkeztuko ditu.

