Ba al dute komertzioek erreleboaren aukera?
Hondarribiko Udalak bi bide berri irekiko ditu merkataritza planaren barnean. Batekin, erreleboa aztertuko dute, eta bestetik, lokal hutsak identifikatu eta haien potentziala kalkulatuko dute.
Tokiko merkataritza sustatzeko bonu kanpaina berria, abian. Gaur egun ezagutzen ditugun dendak, non izango dira 20 edota 30 urte barru? Askok erreleboa beharko dute, belaunaldi berrien beharra. Baina horretarako gazteek aukerak izan behar dituzte, herria eta baita ere auzoak bizitzaz betetzeko, herriko komertzioa bermatzeko, eta haien proiektu pertsonalak sustatzeko. Hori dena aztertzeko, merkataritza planaren barnean Hondarribiko Udalak bi plan jarriko ditu martxan. Bata, erreleboaren afera aztertzeko, eta bestea, lokal hutsen egoera identifikatzeko.
Etorkizuna aurreikusteko, beharrezkoa da orainaldia ulertzea. Gaur egungo merkataritzaren erronkak identifikatu nahi ditu Hondarribiko Udalak, herriko merkataritzat osasuntsu jarraitzeko dituen aukerak jakiteko, eta era berean galerei aurre egiteko. “Belaunaldi-erreleboa, negozioen jarraitutasuna eta lokal hutsen aktibazioa ez dira gai isolatuak. Zuzenean lotuta daude gure auzoen bizitasunarekin, herritarren eguneroko beharrei erantzuteko gaitasunarekin eta tokiko ekonomiaren indarrarekin”, azaldu du Estitxu Urtizberea Merkataritza zinegotziak.
Auzoak indartzeko apustua egin izan du udal gobernuak azken hiru urteetan. Abotsanitzen ekimenez, Auzo Bihotzak programa sustatu du udalak, auzoei garrantzia emanez, eta bertako zerbitzuak sustatzeko xedea mahi gainean jarriz. Udalaren ustez, auzoak bizirik mantentzea beharrezkoa da komertzioak osasun ona izan dezan. Erreleboari dagokionez, udalak herriko komertzioak aztertuko ditu, erretirotik gertu daudenak identifikatuz eta beste pertsonaren baten eskuetan jartzeko aukera planteatuz. Horrela udalak mapa bat osatuko du, behar gehien dituzten establezimenduak sailkatuz.
Bizitzarik gabeko lokalak
Lokal hutsetan jarriko dute jomuga ere. “Hondarribian merkataritza edo bestelako jardueretarako erabilgarri dauden lokalak identifikatu eta kokatuko dira eta lokal bakoitzari buruzko informazioa bilduko da. Besteak beste, zein egoeratan dagoen, irisgarria ote den, zenbateko ikusgarritasuna duen eta jarduera berri bat hartzeko zer egokitzapen beharko lituzkeen jakiteko”, azaldu du udalak. Ez da soilik lokal hutsa aztertzea, baita ere inguruko eremua, alboko komertzioak, auzo horrek duen mugimendua…
Horrela lokalaren potentziala kalkulatu dezake udalak, eta horrela, etorkizuneko merkataritza planak osatzeko edota errelebo planaren oinarri izateko beste hainbat baliabide izan ditzakete. “Bi diagnostiko hauek ez dira soilik datuak biltzeko lanak izango. Datozen urteetako jarduketak hobeto planifikatzeko eta auzo bakoitzaren behar eta aukerei erantzuteko abiapuntua izango dira”, gehitu du Urtizbereak.

