Bidasoa eta Kabuga, 50 urtez lotuta
Ruandan dago Kabuga hirira 1976. urtean iritsi zen Jose Ramon Amunarriz. Harrezkeroztik, herrian ekin zuen, Behar Bidasoaren laguntzarekin, eta hori erakusketa bihurtu berri dute.
Estitxu Ortolaiz / BEHAR BIDASOA Beha Bidasoak eta Kabug herriak izandako 50 urteko harremana irudikatzen duten erakusketa abian da Arma Plazan. Ruandan dago Kabuga, hiriburutik, Kigalitik, 20 kilometrora. Nyabarongo ibaiak bustitzen ditu herriko lurrak, eta duela 50 urte zerbait aldatu zen bertan. Jose Ramon Amunarriz irundarra iritsi zen bertara, eta berarekin batera, etorkizunera begia jartzeko itxaropena. Hainbat egitasmo egin zituen bertan, herriaren mesedetan beti ere.
Horregatik, herrialdeko hirien artean, garapen azkarrenetarikoa izan duena izan da Kabuga azken 5 hamarkadetan. Amunarrizen lanari esker sortu zen Behar Bidasoa gobernuz kanpoko erakundea. Harrezkeroztik, han eta hemen lagundu du Behar Bidasoak, haien jomuga Ruandan, Kenyan, Tanzanian, Nigerian edota Kongon jarriz. Hori ez ezik, Kolonbian eta Paraguayen bi proiektu dituzte abian. 50 urte egin dituzte Ruandarekin elkarlanean, Amunarriz iritsi zenetik.
Elkarlan horren harira, erakusketa bat estreinatu dute Arma Plazan, Behar Bidasoak antolatuta, Kabugarekin egindako harremana irudikatuz. “Ur edangarria, etxebizitza duina edo hezkuntza bezalako oinarrizko baliabideak eskuratzeko zailtasunak zituen errealitatearekin egin zuen topo han [Amunarrizek]. Urteen poderioz, lankidetza-sare eta gero eta irismen handiagoko garapen-proiektu bihurtu zen”, adierazi du Behar Bidasoak.
Harremanaren bilakaera irudikatu dute, panelen eta bideoen bidez. “Erakusketan jasotako istorioen artean, haur eta gazteentzako hezkuntza-aukerak, etxebizitzak eraikitzeko proiektuak, ur-hornidurako azpiegituren hobekuntza eta emakumeen ahalduntze- prozesua nabarmentzen dira, prestakuntzaren eta nekazaritza-proiektuen bidez garatutakoa”, iragarri du Behar Bidasoak.
Hondarribitik Kabugara, kamera eskuan
Estitxu Ortolaiz argazkilari hondarribiarra Kabugan izan zen iaz. Bertako biztanleekin izan zen, “haien eguneroko errealitatea kamerarekin harrapatuz. “Haren lanari esker, pertsonengana, haien etxeetara, bizikidetza-guneetara eta eguneroko jardueretara hurbil gaitezke, erakusketako historiari aurpegia jarriz. Irudiek ez dituzte urte hauetan sustatutako proiektuak soilik erakusten; proiektu horien protagonistak eta lankidetzari zentzua ematen dioten pertsonak ere erakusten dituzte: Kabugan bizi diren pertsonak, haien familiak eta etorkizuna eraikitzen jarraitzen duen komunitatea”.
Bisita gidatuak egingo dira, urriaren 7an, 14an eta 21ean, arratsaldeko 18:00etan. Gazteei zuzendutako erakusketa badela adierazi du Behar Bidasoak, gazteek ikusi dezaten zein beste errealitate dauden munduan, eta hari buruz interesa erakutsi edota galderak egin ditzaten.
Urria osoan zehar egongo da erakusketa bertan, Kutxa Fundazioaren laguntzarekin.

