Urriarekin batera bueltan da Haurrak Parkean egitasmoa
Urriaren 7tik 30era, 3 eta 9 urte bitarteko haurrei zuzendutako egitasmoak hiriko lau parke bisitatuko ditu asteazkenero eta ostiralero, bi txandatan.
Urrian hiriko parkeak haurrez beteko dira. Haurrak Parkean egitasmoa bueltan da. 3 eta 9 urte bitarteko haurrek egitasmo honen beste edizio batean parte hartzeko aukera izango dute, Egunik onenak, elkarrekin euskaraz jolasean lelopean. Urriaren 7tik 30era egingo dute, asteazkenetan zein ostiraletan. Orain arteko funtzionamendua mantenduko dute; alegia, adinaren arabera bi taldeetan banatuko dituzte. 17:00etatik 18:00etara Zabu-Zibu taldearen txanda izango da, 3 eta 5 urte bitarteko haurrena; 18:00etatik 19:00etara, berriz, Txirrintxon taldearen txanda, 6 eta 9 urte bitartekoentzat.
Haurrak Parkean egitasmoak hiriko lau parke bisitatuko ditu. Asteazkenetan, Nagore Laffage eta Oinaurreko parkeetan egingo dituzte jolasak; eta ostiraletan, aldiz, Olaketa kaleko Partxis parkean eta Sargia parkean. Euria eginez gero, Nagore Laffagekoak Toki Alai HH-ko patio estalira eramango dituzte, eta Sargia parkekoak udaletxeko arkupeetara.
Izen ematea doakoa izango da, aurretik izena eman gabe. Antolatzaileek espero dute aurreko edizioetan izandako arrakastari eustea. 2025-2026 ikasturtean hiru edizio egin zituzten, eta guztira 900 haur inguru izan ziren. Familiek egitasmoaren gaineko esker oneko hitzak izan dituzte, baloratzeko orduan 8 eta 10 arteko puntuazioa eman zioten egitasmoari. Batez besteko nota 9,6koa izan zen. Haur gehienek urtetik urtera izandako esperientzia errepikatzen dute.
Egitasmo honek duen garrantziaz jakitun, Josu Iguiñiz Euskara ordezkariak euskararen garrantzia nabarmendu du. “Euskara ez da eskolako hizkuntza soilik; jolasteko, lagunekin egoteko eta familian gozatzeko hizkuntza ere bada”, kontatu du. Urrian ere parte hartzeko deia egin die irundarrei: “Parkean ikasten diren jolasak ez dira urriarekin amaitzen: etxean, plazan edo eskolako patioan errepika daitezke. Hortxe dago ekimen honen benetako balioa, euskara haurren eguneroko jolasean txertatzea”

