Errugbia martxan da
Asteburu honetan, Txingudi Errugbiko harrobiko taldeek 2026-2027 denboraldia hasiko dute; igandean, Hondarribian, errugbi eskolen topaketa antolatuko dute.
2026-2027 denboraldiko lehen neurketak iznago dituzte asteburu honetan Txingudi Errugbi taldeko gazteek. Larunbatean eta igandean harrobiko taldeak zelaira bueltatuko dira, eta maiatzera bitarte partidaz beteriko denboraldia izango dute. Harrobiko taldeen artean zelairatzen lehenak 16 eta 18 urtez azpiko taldeak eta Biok Txingudi emakumezkoen taldea izango dira. Gazteen bi taldeek Donostian izango dituzte euren norgehiagoak Donostia Baleazaleak taldearen aurka; emakumezkoek, berriz, Bilbora bidaiatu beharko dute Uni Bilbo B-ren aurka jokatzeko.
Igandean, urriak 4, Hondarribiko hondartzan 300 jokalari baino gehiago bilduko dira. Errugbi eskolen arteko topaketa antolatuko dute, eta Gipuzkoatik, Nafarroatik, Arabatik eta Errioxatik etorritako dozenaka talde izango dira. 10:30ean hasita, zortzi zelaitan banaturik partida ugari jokatuko dituzte. Gainera, zaleek euren txokoa izango dute goizean zehar errugbiaz gozatzeko eta hain maitea den hirugarren zatiaz disfrutatzeko. “Denboraldian zehar antolatzen dugun ekitaldi handienetakoa da hau, eta espero dugu eskualdean errugbia ezagutarazteko ere balio izatea”, azpimarratu du Xabi Sanchezek, Txingudi Errugbi eskolako arduradunak.
Pasa den asteburuan ere, errugbiak ekitaldi arrakastatsua izan zuen. Kasu honetan, emakumeak izan ziren protagonistak. Guztira 60 emakume bildu ziren Plaiaundi antolatutako Emakumeen Errugbi Egunean. Goizetik hasita, kirola ezagutzeko hainbat joku antolatu zituzten. “Errugbia neskentzako kirola ez dela esan izan digute beti, baina motako honetako jardunaldiek eta egunerokoan klubean egiten dugun lanak kontrakoa erakusten du. Gero eta emakume gehiago gara klubean jokatzen, eskolako taldeetan, senior taldean edo sortu berri dugun amen taldean”, azaldu du Alba Saizek, Biok Txingudi taldeko entrenatzaileak.

