Gazteen Poesiako Espainiako saria, Ane Zubeldiarentzat
Espainiako Kultur Ministerioak emandako saria da Zubeldia irabazi berri duena. 'Kontra' poema liburuarengatik saritu dute.
2025-05-21, Donostia. Ane Zubeldiaren liburua aurkeztu du Susak; -Kontra- poema liburua.
21-05-2025, San Sebastián. Susa ha presentado el libro de poemas -Kontra- de Ane Zubeldia. Ane Zubeldiaren beira arasa geroz eta beteagoa dago. Oraingoan, Gazteen Poesiako Espainiako saria jaso du, Espainiako Kultura Ministerioak emandakoa. Iaz argitaratu zuen Kontra poesia liburua, eta hura bera izan da saria bereganatzeko arrazoia. Literatur Kritikarien Espainiako Elkarteak euskarazko poesia saria eman zion liburu berdinarengatik.
Zubeldiak adierazi du “oso pozik” dagoela, eta horrelako sariek aurrera jarraitzeko bultzada ematen dutela. “Mejillon Tigreko nire kide Eiderrekin nengoen albistea eman zidatenean, eta oso polita da horrelakoak lagunekin ospatzea”, esan du Zubeldiak. Idazleak adierazi du liburu bat idazterakoan autoreak ez dakiela noraino iritsi daitekeen bere lana, baina orain, horrelakoak ikustean erakusten dela luze jo duela. “Oso konten nago, orain soilik ospatzea gelditzen zait”.
Zubeldiaren lana goraipatu dute sariaren epaimahaikideek: “Idazketaz harago, gaur egungo munduaren trinkotasunaren aurkako erresistentziaren motor poetiko gisa ageri da”. “Ezohiko intentsitate plastikoa”, horrela deskribatu du epaimahaiak, eta era berean, goraipatu. Hori ez ezik, “arrazoiaren logika iraultzeko darabilen hizkuntza esperimentala” ere nabarmendu dute. “Zubeldia Magriñak heldutasun handia erakutsi du erritmo sinkopatuen, errepikapenen eta onomatopeien erabilera zailean, eta, horri esker, zentzu berriak sortu ditu gaur egungo minei eta konplexutasunei heltzeko”. Horrez gain, Zubeldiak ura oinarri hartuz, metafora egiteko duen modua goraipatu dute: “Haren bertsoetan, uraren irudiek isiltasuna ekartzen dute gogora, eta izaki kontzientearen abandonuaren metafora bihurtzen dira”.

