Amute-Kosta Auzo Elkartea kexu agertu da Lurraldebuseko aldaketekin
Salatu du E20 linea desagertzea "atzerapausoa" dela herritarrentzat, eta "erraztasun teknologikoak" turistentzat gorde eta herritarrentzat "murrizketak" ezarri dituztela, E30 Donostiako aireportuaren lineari erreferentzia eginez.
Urriaren 1etik aurrera Oarsoaldeko eta Bidasoko Lurraldebus zerbitzuek aldaketak izango dituzte. Besteak beste, Hondarribia eta Irunen arteko gaueko zerbitzua bermatuko da urte guztian zehar, baita Donostiaren eta Donostiako aireportuaren arteko konexioa ere. Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak adierazi zuen “bizilagunen benetako beharrei erantzuteko pentsatuak” direla.
Aitzitik, aldaketak iragarri eta astebetera, Amute-Kosta Auzo Elkartea kexu agertu da aldaketekin, ohar bidez aditzera eman duenez. Elkarteak iritzi egin du garraio publikoaren erabilera sustatzea “lehentasunezko helburu atzeraezina” izan beharko litzatekeela; are gehiago, Hondarribiren kasuan, “autobusaren mende” dagoelako.
Aldaketetako bat BI03 linea berria da, E20, E26 eta E27 lineen ordez jarritakoa. Elkarteak adierazi du aurreikusi zitekeela, “azken urteetan izandako murrizketen emaitza” delako, eta “atzerapentzat” jo du E20 linea desagertzea. “Linea erreskatatu eta indartu beharrean, administrazioak linea kentzea erabaki du, eta ehunka erabiltzaile bertan behera utzi ditu”, salatu du.
E25 linea aste honetatik aurrera BI05 bihurtuko da, eta Irunekin maiztasuna 15 minutukoa izango da puntako orduetan. Auzo elkartearen hitzetan, baina, itxaronaldiak 20 minututik 30 minutura luzatuko dira, eta horrek eragina izango du “bestelako garraioak hartzeko autobusa erabiltzen” dutenengan.
Bukatzeko, “haserre bizia” erakutsi du E30 lineari dagokionez, Donostia eta Donostiako aireportua lotzen dituen linearekin. Urritik aurrera urte guztian zehar egongo da erabilgarri eta kreditu txartelarekin ordaindu ahal izango da. “Zergatik gordetzen dira zerbitzuen hobekuntzak aireportutik iristen diren “bisitarientzat” bakarrik, Hondarribiko bizilagunei, egunero zerbitzua mantentzen dutenei, trabak eta murrizketak ezartzen zaizkien bitartean”, galdegin du Amute-Kostako Auzo Elkarteak.
Era berean, nabarmendu du “Bidasoaldea osoan ez dagoela autobus-erreirik” eta hortaz, “autobusak egunero trabatzen direla gure eskualdeko trafiko-dentsitate handiaren ondorioz”.
Horregatik guztiagatik, elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio aldaketak “berehala zuzentzeko, ebakitako maiztasunak itzultzeko eta garraio-plan integral bat diseinatzeko, zeinak herritarren benetako premiei erantzungo dien”.

