Bertsotan ibiltzeko aukera zabalik
Txingudiko bertso eskolan izena emateko epea irekita dago haur, gazte zein helduentzat. Oinarriak ikasteko edo bat-batean bertsoak egiten trebatzeko eskolak dira.
Abuztuaren 29an Moskuko jaietako bertso saioa. Irunabar Ez da erraza bertsotan aritzea; errimak bilatu behar dira, doinua aukeratu, zer esan nahi den erabaki, potto egin gabe abestu… Denbora eta abilezia eskatzen ditu, eta agian batzuek nahiago dute hasi berria den Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketa telebistatik ikusten geratu. Aitzitik, askotan azpimarratu izan ohi da denbora igarotzeko aitzakia izan daitekeela, eta batek daki, agian zale bihurtu. Eta zein une egokiagoa horretarako ikasturte berriaren hasiera baino. Ideia horretatik abiatuta, Irunabar Irungo Bertsoaren Bilguneak ikasturte berrirako bertso eskoletan izena emateko kanpaina abiatu du Irunen, Hondarribian eta Hendaian.
Pasa den ikasturtean langa altua utzi zuten. Manu Goiogana, Igauri Lopetegi eta Jon Luzuriaga bertsolariek Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako finalerdietara iritsi ziren; garaipen historikotzat dute lortutakoa bertsolariek. Ikusteke dago zer gertatuko den hurrengo Herriartekoan; oraingoz, gutxienez, eskolako ateak ireki dituzte.
Haur, gazte zein helduentzako eskolak eskaini dituzte, eta oraingoz bi modalitate aurkeztu dituzte: hasiberrientzako eskolak eta bertsoak bat-batean egiten ikasteko eskola. Dena den, aukera gehiago ere izan daitezkeela aurreratu du Adrian Arruti bilguneko kideak: “Urtero bost eduki izan ditugu: haur eta heldu hasiberrientzat, bat-batean aritzeko eskola arruntak eta helduentzako, eta gazteentzako”.
Klaseen egitura
Doako klaseak dira, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoarekin hitzarmena baitute. Urrian hasiko dute ikasturtea, baina Arrutik zehaztu du “beti irekita” dagoela izena emateko aukera. Bilgunearen telefonora deituta (685 727 539) eta posta elektronikoaren bitartez (irunabar@gmail.com) egin behar da.
Urtero 50 ikasle inguru biltzen dira eskola, eta aurten ere kopuru horren bueltan ibiliko direla pentsatzen du Arrutik, orain arteko neurrian. “Ez dugu baliabiderik bertso eskola potentea sortzeko, ezin dugu gazte transmisioari behar bezala ekin”. Ikasleen ibilbidean etenaldiak badaude ere, gaztetan hasitako asko itzultzen dira helduak direnean.
Egoitza baten beharrean
Oraindik ez dute erabaki zein egunetan izango den eskola bakoitza. “Ikasleen baldintzetara egokitzen gara. Gainera, eskola bat baino gehiagora joan daitezke, egun desberdinetan”. Ordutegia finkatu ez badute ere, Arrutik aurreratu du litekeena dela ostegunetan izatea bat-bateko eskolak, orain arte bezala.
ordutegia zehazteke dute, eta gainera, bertso elkarteak bulegorik gabe jarraitzen duela zehaztu dute. Arrutik azaldu du Irunabarrek urteak daramatzala espazio fisiko bat eskatzen, bilgune bezala funtzionatu eta klaseak emateko. Erakundeetatik, baina, ez dutela erantzunik jaso salatu du, eta hortaz, herrigintzako beste elkarteen bitartez bizi direla. “AEKn eman izan ditugu maiz klaseak, baita Kabegorri tabernan, Muara elkartean eta Jaizubiko auzo elkartean, besteak beste”. Jaizubiko elkartean egin izan dituzte, hain justu, bat-bateko modalitateko bertso saioak.
Ikasturte berria aurrera ateratzeko AEKren egoitza eta Jaizubiko auzo elkartearena baliatuko dituzte, baina bertsolariak gehitu du Larreaundiko auzo elkartearekin ere harremanetan dabiltza.
Ikasleen nahietara
Txingudiko Bertso Eskolaren helburua ikasleek “bat-batean inprobisatuta bertsoak egiteko gaitasuna eskuratzea” da, baina Arrutik adierazi du irekita daude hortik aurrerako beharretara. eta nahietara. Adibidez, beste urteetan, ikasleek jendaurrean abesteko gogoa agertu dutenean, “plazak sortu” dituzte, esterako, Kabigorri tabernan hilabetero bertso saioak antolatu izan dituzte.
Gipuzkoako Bertso Txapelketan eta Ipar Euskal Herriko Xilaba Txapelketan ere lehiatu izan dira Irunabarreko bertsolariak. Aurtengo ikasturteari begira ez dute aparteko jarduerarik, baina itxaropentsu aurreratu du Arrutik “agenda propioa” osatuko dutela.

