Emakumeen errugbi eguna egingo dute
Irailaren 26an izango da, larunbatean, Plaiaundiko zelaian. 11:00etatik 14:00etarako tartean, bertaratzen diren neskeek zein emakumeek errugbi mundua ezagutzeko aukera izango dute jolas eta partiden bitartez.
Emakumezkoen partida bat.Fermin Garaioa Txingudiko Errugbi Klubak zita garrantzitsua antolatu du datorren larunbaterako, hilak 26; emakumezkoen errugbi eguna. 11:00etatik aurrera Plaiaundiko zelaia errugbiaren topaleku bilakatuko da 8 urtetik aurrerako neska zein emakumeentzat.
11:00etan hasiera eman ostean, 11:30eatik 12:30ak arte errugbi jolas eta tailerrak izango dira. Behin gorputza berotuta, 12:30ean taldeak antolatu eta lagunarteko partidak jokatuko dituzte. Amaitzeko, 14:00etan, hirugarren denboraz gozatu ahal izango dute bertaratutakoek.
“Estereotipoak hautsi eta errugbia edonorentzako kirola dela erakutsi nahi dugu. Ekitaldi honekin ez dugu soilik kirolaz gozatzea bilatzen, erreferenteak sortu eta emakumezkoen kirola indartzea baizik”, esan du antolakuntzak.
Lehen partiden balorazioa
Zaisa Txingudik aurreko larunbatean, hilak 19, jokatu zuen denboraldiaurreko lehen partida, Lekarozen (Nafarroa), Baztan Menditarren aurka. Galdu egin zuten irundarrek, 57-0. Gertatutakoak atzean utzi, eta jadanik hurrengo partidari begira daude. Larunbatean, hilak 26, Aieteko (Donostia) zelaian Atletico San Sebastianen aurka lehiatuko dira, 16:00etan, Toci kopa deritzonan.
Bestalde, sub 16 eta sub 18 taldeek ere partidak jokatuko dituzte larunbatean, Puioko (Donostia) zelaian. Aurreko asteko La Unicaren aurka jokatutako partidak irabazi ostean, asteburuan Bera Beraren aurka arituko dira, 11:00etan eta 12:30ean, hurrenez hurren. Bukatzeko, sub 14 mailak igandean, hilak 27, hasiko du denboraldia Arrasaten, zazpiko errugbiko topaketa batekin.

