Elkarrekin Podemosek David Nuño udal bozeramailea kargugabetu du
Diziplinazko espediente baten ebazpenaren ostean, alderdiko ordezkari izateari utziko dio udalean, baina zinegotzi postuan mantenduko da, inolako alderdiri atxiki gabe.
David Nuño udal bozeramailea, artxiboko irudi batean. Irungo Udaleko Elkarrekin Podemoseko bozeramaile zen David Nuño kargutik kendu dute. Alderdi moreak azaldu duenaren arabera, ekainean espediente diziplinarioa ireki zioten “estatutuen eta arautegiaren urratze larria” egotzita, eta horren harira iritsi da orain kaleratzea. Nuñok sareetan adierazi du “barne gatazka batengatik” dela, eta politikan jarraituko duela iragarri du.
Noticias de Gipuzkoa egunkariak ekainean argitaratu zuen Podemos Euskadik espedientea ireki ziola ordezkariari arau hauste “larriengatik”. “Indibidualki lan egitea eta azalpenik eman gabe” aritzea egotzi zioten. Hortaz, behin-behinean, alderdi moreko kide izateari utzi zion, baina udalean zuen postua mantendu zuen, legearen arabera, “besterezina” delako zinegotziaren kargua.
Hiru hilabete geroago, kargutik kendu dute, espedientean aitortzen zena berretsita. Hortaz, Elkarrekin Podemos alderditik banandu da. Ikusteke dago alderdiak zein jarriko duen orain ordezkari hemendik eta datozen haustekundeetara bitarte, baina oraingoz jakina da alderdiak Thania Pazos aurkeztuko duela bozeramailetzarako datorren legealdirako. Dena den, Nuñok postua mantenduko du udalean zinegotzi gisa, baina inongo alderdiri atxiki gabe.
“Ez da ustelkeriagatik”
Nuño 2019an sartu zen Irungo Udalean, eta 2023an alkategai aurkeztu zen. Kaleratzea publiko egin ostean, politikariak berak sareetan argitu du “ez dela ustelkeriagatik edota legez kanpokoengatik izan”, baizik eta “barne gatazka politiko batengatik”. Era berean, azpimarratu du zinegotzi bezala jarraituko duela, “are energia gehiagorekin” eta “herriarentzat eta auzoarentzat lan egiten”.

