Pottoka eguna ospatuko dute igandean, Jaizubian
Gipuzkoako Pottokazaleen Elkarteak pottokak gertutik ezagutzeko jarduerak antolatuko ditu goizean zehar, Jaizubia Zaldiketa Eskolan.
Pottokek Jaizubiako Zaldiketa Eskolako instalazioak beteko dituzte igande honetan, hilak 13, goizean goizetik. Egun batez, Euskal Herriko ondarearen parte den eta galtzeko arriskuan dagoen zaldi arraza gertutik ezagutzeko aukera izango dute Pottoka Egunera bertaratzen direnek. Zaldi arraza honen habitata Euskal Herriko larreak izan dira, eta urte luzeetan erabilera anitza izan dute.
10:00etatik 15:00etara, pottokak eskutik eramateko eta gainean ibiltzeko aukera izango dute haurrek. Zaldiketan lehen urratsak egiteko oso aproposak dira, eta jarduera hauen bitartez, animalia hauekiko harreman zuzena sortuko dute. 11:00etan hasita, pottoken jauziak ikusi ahal izango dira, eta eguerdi aldera ere, oztopo jauzien beste erakustaldi bat egingo dute, 12:40etik 14:00etara. Bi erakustaldien artean, 12:00etan, pottoken arteko lasterketa antolatuko dute.
Zaldiketaz gain, hitzaldi bat ere antolatuko dute Jaizubiako Zaldiketa Eskolan, 11:30ean. Zaldi arraza honen ezaugarriak eta berezitasunak azalduko dituzte ordu erdiko iraupena izango duen saioan. Klase magistral baten gisara aurkeztuko dute, eta hura amaitzean, galdetegi txiki bat bete beharko dute. Erantzuten dutenen artean zaldiketa klaseak zozketatuko dituzte.

