Bigarren eskuko bizikleten azoka, Zabaltza plazan
Merka2dasoak hilaren 20an bigarren eskuko bizikleten azoka antolatuko du; bizikleta bat salgai jartzeko aurretik izena eman beharko dute.
Europako Mugikortasunaren Astearen baitan, Merka2dasoak bigarren eskuko bizikleten azoka antolatuko du hilaren 20an beste urte batez. Bizikletak zein patinete elektrikoak salgai jartzeko egoera onean egon beharko dute, eta produktu bakoitzaren gehieneko salmentaren prezioa 600 eurokoa izango da. Edizio honetan 120 plaza eskainiko dituzte Zabaltza plazan igande goizean, 10:30etik 14:00etara. Bizikleta edo patinete elektrikoa salgai jarri nahi dutenek Merka2dasoaren webgunean izena eman beharko dute. Izena emateko azken eguna hilaren 16a izango da; baldin eta, aurretik 120 plaza betetzen ez badira.
Izena ematean, saltzaileek produktu bakoitzeko formulario bat bete beharko dute, eta formularioan bertan, materiala azokan erregistratzeko hitzordua aukeratu beharko dute. Egunean bertan izango da, 08:30etik 10:00etara. Entregatutako materiala erregistratu ondoren, antolatzaileek salgai jarri eta salerosketarako ezarritako prozedura kudeatuko dute.
10:30ean azoka ireki, eta 14:00ak bitarte herritarrek aukera izango dute bertan dauden bizikletak eta patineteak kuxkuxeatzeko, baita erosteko ere.

