Ohorezko txandakoa da Hondarribia
Kontxako lehen jardunaldian laugarrena izan da 'Ama Guadalupekoa' trainerua, eta onenekin lehiatuko da datorren igandean.
'Ama Guadalupekoa', atzo, bueltako luzean.Joseba Parron San Sebastian / Irutxuloko Hitza Hilaren 13ko Kontxako Banderako bigarren jardunaldian ohorezko txandan izango da Hondarribiko gizonezkoen trainerua. Atzo egin zuen bere eskubide hori Ama Guadalupekoa-k, laugarren izan zelako lehen jardunaldiko estropadan. 15. Kontxa urrun dute berdeek, denborarik onena egin zuen Oriorekiko 23 segundo pasatxoko kontrako aldearekin baitira. Baina beti bezala, herriko arraunlariz osatutako hamalaukoak oso maila ona azaldu zuen, eta estropadak iraun bitartean lehiakortasun handia azaldu zuen. Bermeori ezarritako zigorra erabakiorra izan zen berdeak ohorezko txandan sartzeko.
Atzoko bigarren txandan atera zen Hondarribia, laugarren kaletik. Lehenetik Bermeo lehiatu zuen, bigarrenetik Zierbena eta hirugarrenetik Lekeitio. Joaneko luzean Zierbenak segundo batzuetako aldea lortu zuen, eta berdeak estu izan ziren borrokan Bermeorekin. Hala, ziaboga bakarrean segundo pasatxoko aldea atera zion Bou Bizkaia-k Ama Guadalupekoa-ri; Zierbena izan zen azkarrena han.
Bueltako luzean ere hurbilean izan zuen Bermeo Hondarribiak, betiere bizkaitarrak apur bat aurretik izan zirelarik luze osoan. Baina, Bermeok lehen kaletik laugarrenerako bidea hartu zuen luzeak aurrera egin ahala, eta helmugara iristear zela oso nabarmen sartu zen berdeen kalean, Hondarribiaren jarduna erabat oztopatuz. Horregatik, epaileek erabaki zuten hiru segundoko zigorra ezartzea urdinei. Hala, Bermeo helmugara Hondarribia baino bi segundo lehenago iritsi bazen ere, zigorragatik berdeen atzetik geratu zen sailkapen nagusian. Zierbenak irabazi zuen txanda 20.02ko denborarekin, Hondarribiak kronometroa 20.14an gelditu zuen, eta Bermeoren denbora 20.15koa izan zen (zigorraren hiru segundoak barne).
Oriok egin zuen atzokoan sailkapen nagusiko denborarik onena (19.51). Ez zuen urrun izan Donostiarra txandakidea (19.54). Bi horiekin batera Zierbena eta Hondarribia izango dira datorren igandeko ohorezkoan. Sasoian egindako ahaleginak merezitako irabazia eman dio Hondarribiari, ligako jardun ederrari Kontxan onenen artean izateko aukera emanaz.
Gaur emango diote, Hondarribiko Jai Nagusien barruan, Hiriko Urrezko Intsignia Ioseba Amunarriz Ama Guadalupekoa-ren patroiari. Hark esana da taldearengatik ez balitz, hark lortutakoak eta irabazitakoak ez liratekeela egingarri izango. Bada, gaurko ekitaldian, Amunarrizek arraunaren munduan Hondarribiak azaldu duen izaera ordezkatuko du, herriaren aitortza nagusia jasoz.
Honakoa da atzoko lehen jardunaldiko sailkapen nagusia:
- 1. Orio 19.51
- 2. Donostiarra 19.54
- 3. Zierbena 20.02
- 4. Hondarribia 20.14
- 5. Bermeo 20.15
- 6. Lekittarra 20.34
- 7. Getaria 20.40
- 8. Ondarroa 20.54.

