Autobus zerbitzuak indartuko dituzte Kontxarako
Aldundiak Lurraldebuseko zerbitzua indartuko du hilaren 6an eta 13an, Oarso-Bidasoko lineetan.
Urtero bezala, iraileko lehen bi igandeetan Kontxako Bandera preziatua lehiatuko da Donostiako badian, eta Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak Lurraldebuseko zerbitzua indartuko du hilaren 6an eta 13an.
Bi igandeetan E01 (Donibane – Lezo – Errenteria-Orereta – Antxo – Donostia), E02 (Oiartzun – Errenteria-Orereta – Pasaia – Donostia N-1), E05 (Errenteria-Orereta – Beraun – Morrongilleta – Antxo – Donostia), E09 (San Pedro – Donostia), E21 (Hondarribia – Donostia) eta E27 lineek (Hondarribia – Irun – Errenteria-Orereta – Antxo – Donostia) ohiko zerbitzuak eskaintzeaz gain, errefortzuak izango dituzte estropaden hasieran eta bukaeran.
“Badakigu Kontxako Bandera udako kirol ekitaldi garrantzitsuenetako bat dela eta jende asko erakartzen duela. Horregatik, beste ekitaldi batzuetan egiten dugun bezala, Lurraldebusen zerbitzu bereziak jarriko ditugu, jendea estropadaz modu jasangarrian, eskuragarrian eta erosoan gozatzera joan dadin. Kalitatezko garraio publikoaren alde egiteak mugikortasun jasangarriago baterantz aurrera egitea ahalbidetzeaz gain, herritarren bizi kalitatea hobetzen, haien segurtasuna bermatzen eta bizitzako hainbat esparrutara, aisialdia barne, iristeko aukera demokratizatzen laguntzen du, pertsona guztien aukera berdintasuna bermatuz”, adierazi du Azahara Dominguez diputatuak.
Autobusen ordutegiak Lurraldebuseko webgunean edo erabiltzaileentzako arreta telefonoan (900 30 03 40) kontsultatu ahal izango dira.

