BATen denboraldi berria, lasterketa eta eskaintzaz beteta
Datozen hiletarako antolatutako jarduera, ekintza eta txapelketetan jada izena eman daitekeela jakinarazi du Bidasoa Atletiko Taldeak.
Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT) aurki hasiko duen denboraldi berri honetan eskainiko dituten lehiaketa eta jardueretan izena emateko aukera zabaldu du. Eskaintza zabala izango da 2026-2027 denboraldi honetan ere, adin tarte guztiei begirakoa. Ondorengoak dira eskainiko dituzten eskola eta taldeak:
- Atletismo BAT eskola: 8 urtetik gorakei begirako eskolak antolatuko dituzte aurten ere, adinaren arabera sailkatutako taldeetan. Plaiaundin zein Hondarribiko Hondartza pistan izango dira eskola horiek, eta atletismoaren barruko diziplina guztietan trebatuko dira.
- Biziki taldeak: Hasi berriak diren zein esperientzia dutenek taldean aritzeko aukera izango dute. Aire zabalean izango dira entrenamenduak, 14 urtetik gorakoei begirakoak.
- Egokitutako atletismoa: Monitore kualifikatuekin ariko dira Plaiaundin.
- BAT kirol zentroa: Entrenamendu pertsonalak eskainiko dituzte aurten ere BAT kirol zentroan. Aurten, gainera, lokal berri bat zabalduko dute, Lope De Irigoien kaleko 8. zenbakian. Bi entrenatzaile berri izango dira.
Klubak antolatutako txapelketei dagokionez, zenbaitetan jada izena eman daitekeela jakinarazi du BATek, honakoetan:
- Guadalupeko Igoera: Irailaren 5ean izango da (larunbata) 48. ekitaldia, 10:30ean hasita. Dagoeneko 170 lagunek eman dute izena.
- Txingudi Korrika: Urriaren 4an izango da 27. edizioa, 10:00etan hasira. 10 kilometroko lasterketa izango da Irun, Hendaia eta Hondarribian zehar. Dagoeneko 374 lagunek eman dute izena, eta aurten iazko 756ko langa gainditzea espero du klubak. Urriaren 3an, berriz, Txingudi Korrika Txikia egingo dute Gal stadium inguruan.
- Gabonetako Krosa: XII. Super Amara Gabonetako Krosean ere izena eman daiteke jada, abenduaren 19an egingo dutena. 1.100 partaideen langa gainditu nahi dute aurten.
- IV. Bidasoko Maratoi Erdia: Maratoi erdia eta 10 kilometro lasterketak egingo dituzte 2027ko otsailaren 28an. 600 lagunek eman dute izena jada, eta helburua 2.500 baino gehiago izatea da.
Eskoletan, jardueretan edota txapelketetan izena emateko webgune honetara jo beharko dute interesdunek.

