Ioseba Amunarrizek jasoko du aurtengo Urrezko Intsignia
Hondarribia AEko patroiak jasoko du aurtengo intsignia, hondarribiarrek hala erabakita. "Urte luzez, traineruaren brankan, herri baten ilusioa gidatu" duela aipatu dute udaleko iturriek.
Ioseba Amunarriz. Argazkia: BERRIA. Hondarribiarrek jada aukeratu dute nori emango dioten 2026ko Jai Nagusietako Urrezko Intsignia. Ioseba Amunarrizek jasoko du aurtengoa. Irailaren 7an izango da ekitaldia, udaletxean.
Aurten ere, eta laugarrenez, udalak prozesu parte hartzaile bat zabaldu du herriko pertsona, talde edo eragile bat aitortzeko. Prososamen fasea bukatu ondoren, Udaleko Bozeramaileen Batzordeak hiru hautagai aukeratu zituen: Amunarriz bera, Done Pedro Arrantzaleen Kofradia eta Izugarria konpartsa. Amunarrizek eskuratu ditu boto gehien, honela geratu da bozketa: Amunarriz 409 boto, Izugarria 323 eta Kofradia 184 boto.
25 urte baino gehiago eman ditu Amunarrizek Hondarribia AEko trainuaren patroi izatean. 1991n hasi zuen ibilbidea klubean, eta bi urte geroago, 1993an, Hondarribiko B traineruaren patroi izendatu zuten. 2002an hartu zuen Ama Guadaluekoa gidatzeko ardura eta ordutik “bere izena Hondarribiko arraunaren historiari ez ezik, Hondarribiaren beraren historiari ere lotuta geratu” dela aipatu dute udaleko iturriek.
“Urte luzez, traineruaren brankan, herri baten ilusioa gidatu du. Bere eskifaia ez ezik, herri oso baten ametsa eta harrotasuna ere eraman ditu estropadaz estropada”. Hiru bider izendatu dute TKE Ligako patroi onena 2002. urtetik, eta garaipen garrantzitsu asko eskuratu ditu, tatean, Kontxako Banderak eta Euskadiko Txapelketak. Urte guzti hauetan erakutsiko “lanak, leialtasunak eta konpromisoak Hondarribiko arraunaren ikur bihurtu” dutela gaineratu du udalak, eta “herriaren izena eta harrotasuna itsasoan zabaltzen lagundu” duela.

