Errugbia bueltan da Bidasoan
Datozen asteetan hainbat jarduera eskainiko ditu Txingudi Errugbi Klubak "errugbia Bidasoaldeko eskualdera hurbiltzeko" asmoz.
Errugbia bueltan da, Txingudi Errugbi Taldea denboraldi berriari begira jarri baita dagoeneko. Lehiatik harago, hainbat jarduera antolatu dituzte, hala nola, ate irekietako saioak, emakumeei zuzendutako saio bat edota kaleko jarduerak. Jarduera sorta honekin “errugbia Bidasoaldeko eskualdera hurbildu” nahi du klubak, “aire zabaleko ariketa fisikoa ez ezik, diziplina honi lotutako oinarrizko balioak ere sustatuz: elkarlana, errespetua, adorea, apaltasuna eta talde lana, hori guzti ingurune eskualdun eta naturalean”.
Lehen jarduera uda bukaerako ludoteka izango da. Eskolako oporren azken egunetan “familiei kontziliazioan laguntzkeo”, klubak ludoteka berezia jarriko du martxan irailaren lehenengo astean. Plaiaundin ariko dira haurrekin, hilaren 31etik irailaren 4ra. Eguneko 5 euro ordaindu beharko dira. Aisialdian eta bizikidetzan oinarritutako saioak eskainiko dizkiete etxeko txikienei.
Bestetik, Emakume Errugbi Eguna egingo dutela iragarri dute, irailaren 26an aurtengoa. Jardunaldi “jai eta aldarrikatzaile” honen helburua “emakumeen errugbiari ikusgarritasuna ematea” dela aipatu dute klubeko iturriek, “adin guztietako jokalari berriak erakartzea eta kirol komunitatearentzat topagune inklusiboa eskaintzea”. Datozen egunetan emango dituzte xehetasun gehiago.
Errugbia lehen aldiz probatu nahi dutenei ere aukera eman nahi diete aurten. Hala, iraila eta urrian zehar ateak zabalduko dituzte Plaiaundin, 2018 baino lehen jaiotakoei begira.
Denboraldi berriko lehiatik harago, errugbiarekin gozatzeko hainbat aukera emango dituzte. Honako eskaintza izango da aurten:
- Tokata (18 urtetik gora): Entrenamendu funtzionaleko ariketak eta plakajerik gabeko errugbia. Astelehen eta asteazkenetan bilduko dira, 19:00etan.
- Bootcamp (18 urtetik gora): Sasoi onenean egoteko entrenamendu funtzionalak egingo dituzte igandero, 10:30etik aurrera.
- Guraso taldea: Klubeko jokalarien gurasoei begirakoa. Ariketa teknikoak eta plakajerik gabeko errugbian ariko dira. Ostiralero izango dira entrenamenduak, 18:30etik aurrera.
- Errugbi 5 (2009 eta 2014 artean jaiotakoentzat): Hastapeneko entrenamenduak, ariketa teknikoak eta plakajerik gabeko partidak izango dira, talde mistoetan. Aurrerago emango dituzte xehetasun gehiago.
- San Martzial Eskaut-Gia taldearekin elkarlana (2019 eta 2020an jaiotakoentzat): Jolasen bidez psikomotrizitatea eta balioak landuko dituzte, ostiralero, 18:30etik 20:00etara.
Informazio gehiago jasotzeko helbide honetara idatzi, edo 688 74 53 62 telefono zenbakira hots egin daiteke.
Taldeak, lehiarako prest
Lehiatzeko prest dira klubeko taldeak. Pixkanaka, maila ezberdinetako taldeak lanera itzuli dira. Senior taldeak abuztuan hasi zituen entranamenduak, eta abuztuaren azken aste honetan hasi dira 16 eta 18 urte azpikoetako taldeak. Hondarribiko jaien ondoren, 8 eta 14 urte btiarteko jokalarien txanda helduko da.

