Irungo garbiketa langileak kalera aterako dira, hitzarmen berriaren kontra
Hilaren 28an protesta egingo dute. Irungo garbiketa sektoreko hitzarmen kolektibo berriaren berehalako sinadura salatuko dute.
Irungo eraikinetako garbitzaileek protesta egingo dute datorren ostiralean (hilak 28), LAB sindikatuaren babesarekin. Honetan, Irungo garbiketa sektoreko hitzarmen kolektibo berriaren berehalako sinadura salatuko dute.
Gogor salatu dute itun hori “ez dela langileen batzar orokorrera eraman, botoa eman dezaten”. Akordioa langile talde txiki batek hartu duela diote amorruz, “alde bakarrez”, eta “eguneroko zerbitzuari eusten diotenen arazoak erabat baztertzen” dituen dokumentu bat balioztatu dutela.
“Eraso” honen aurrean planto egiteko erabaki bateratua hartu dute langileek. Amorruz ikusten dute “berriro ere hobekuntza ekonomikoak soilik lehentsi direla, langileen funtsezko erreibindikazioak alde batera utzita eta konpondu gabe”. Lan baldintzak eraldatzeko denek bat egingo dutela diote, eta duintzeko tresna nagusia hitzarmena bera dela nabarmendu dute. “Egungo prekarietatea iraunaraztea eta kanpoko zerbitzuearen arazo zeatza eztabaidatzeari uko egitea akats larria da, eta langileei zuzeneko kaltea eragiten die”, erantsi du LABek.
Irungo Udalak formalki jaso ditu eskaera horiek, “prestatzen ari den baldintza agiri berriak udal eraikinen kanpoaldea edozein eguraldi txarren azpian garbitzen duten langileen ahalegina aitortu dezan”. Kanpoko lan gogor horiek egiten urteak daramatzatela salatu dute, baina oraindik ere ez dela haien lana “modu bidezkoan balioztatzen” salatu dute. Esaterako, langileek bitarteko egokirik gabe fatxadak garbitzeaz nekatuta daudela adierazi dutenean, udalaren erantzuna “lan jardunaldia murriztearekin mehatxatzea” izan dela deitoratu dute.
Hitzarmen berri honetan “iraganako patroi bera” errepikatzen dela diote: “hobekuntza ekonomikoak adosten dira, baina langileen lanaren aitortza lortzeko guztiz eskasak diren aurrerapen sozialekin batera”. Behin betiko testu honek “gabezia larriak” dituela uste dute: “adostutako eguneroko atsedenaldia probintziako hitzarmenean ezarritakoaren azpitik dago, eta hori onartu ezin den eskubide galera da, langileen osasuna prekarizatzen duena eta inola ere saldu ezin dena”.
Haien ezinegona eta haserrea adieraziko dute datorren ostiraleko protestan, Gutxi batzuek sinatuta, gure eskubideak zapalduta! lelopean. 9:30ean bilduko dira San Juan plazan. Irungo herritar oro bertaratzera gonbidatu dute.
Bukatzeko, sindikatutik formalki eskatu dute “aktan jasota geratzea akordio hori ez dugula sinatzen, funtsezko arloetan planteatutako hobekuntzak eskasak direlako. Lan duin baten aldeko borrokak, soldata igoera, huts eta hutsal batetik harago doanak, indarrez jarraituko du Irungo kaleetan”.

