Azaroaren 28an piztuko dituzte Gabonetako argiak
Udalak dagoeneko iragarri du Gabonetako kanpainaren hasiera. Aurten kanpaina "handiagoa" izango dela aurreratu du erakundeak, eta aurreratu egingo dutela.
Gabonetarako oraindik lau hilabete falta diren honetan, Irungo Udalak argiak noiz piztuko dituen iragarri du jada. Aurtengo kanpaina “handiagoa” izango dela aurreratu du erakundeak. Kanpaina aurreratzea erabaki dute urte honetan, eta hortaz, azaroaren 28an jarri dute hiriko kaleak kolorez argiztatzeko data.
Aurreko kanpainekin alderatuta jarduera gehiago izango dira, 150 inguru. “Zalantzarik gabe, Irun bizitzaz betetzen da Gabonetan. Gabonetako argiak pizteko uneak, zehazki, pertsona ugari erakartzen ditu eta hasiera ematen die jarduera kulturalei, familiarrei eta komertzialei. Gure asmoa da giro hori azaroaren azken asteburuan bertan hastea, ahalik eta denbora gehien iraun dezan”, esan du Cristina Laborda alkateak.
Aukera gehiago eman nahi dizkiete hiriko denda eta ostiralaritza establezimenduei. “Zenbat eta egun gehiagotan eduki jarduerak eta jendea kaleetan, orduan eta denbora luzeagoz izango da erakargarria Irun, eta ondorioz, orduan eta aukera gehiago emango dizkiegu gure komertzioei, euren eskaintza erakuts dezaten eta etekinak lor ditzaten”.
Data gerturatu ahala kanpainaren gaineko xehetasun gehiago emango ditu udalak.

