1936ko Irunera bidaia, ahanzturan gera ez dadin
Hilabete eta erdiz faxisten kontrako erresistentzia gune nagusietako bat izan zen Irun. Okupazioa eta hiriak pairatutakoa gogorarazteko hainbat jarduera izango dira irailean.
Datorren irailaren 5ean 90 urte beteko dira tropa faxistek Irun okupatu zutenetik. Hilabete eta erdiz hiria tropa kolpisten kontrako erresistentzia gune nagusietako bat izan zen. Ondorio latzak ekarri zituen okupazioak, milaka irundarrek hiritik ihes egin behar iza baitzuten.
Urteurren honen harira, Irungo Udalak eta herriko elkarte memorialistek elkarlanean antolatutako Irun 1936-2026 izeneko programa antolatu dute, askotariko jarduerekin. Jarduera sorta honekin udalak bizirik mantendu nahi du gertaera haiek jasan zituztenen memoria, “biktimak eta hiritik ihes egin behar izan zuten pertsona guztiak gogoratuz, egiarekiko, aitorpenarekiko eta erreparazioarekiko konpromisotik, belaunaldi berriei transmititzeko hiriari eta irundarrei gertatu zitzaiena”.
Gorka Alvarez Giza Eskubideetako, Memoria Demokratikoko eta Lankidetzako ordezkaria izan da gaurko aurkezpenean: “Iraila honetan 1936ra begira egongo gara, Irunen gertatu zena oroitzea gure ardura baita, erakunde eta hiri garen aldetik. Duela 90 urte gure hiria setiatu, sutu eta okupatu zuten, eta aztarna ikaragarria utzi zuten Irungo familia anitzean. Memoria ez datza iragana oroitzean soilik, baizik eta indarkeria eta errepresioa pairatu zuten pertsonak aitortzea, haien historia berreskuratzea eta belaunaldin berriei helaraztea bizikidetzaren, demokraziaren eta giza eskubideekiko errespetuaren balioak”. Harekin batera, besteak beste, Antxeta Irratiko koordinatzaile Aitziber Zapirain izan da.
Programa zabala
Programak argazki erakusketa bat, hirian zeharkako ibilbide historikoa, hitzaldiak, antzezpen historikoak eta ekitaldi instituzionala edukiko du. Erdiguneko farolak banderekin apainduko dituztela iragarri du Alvarezek.
Irailaren 5ean ekingo diote pogramari, 12:00etan San Juan plazan egingo duten ekitaldi instituzionalarekin. Irailaren 6an antzezpen historikoa egingo dute bertan, 9:30etik 16:00etara hamar postu izango dira iksugai, 24 aktorerekin. Hauetan garai hartako Irun ezagutu ahal izango da. Irailaren 5etik aurrera duela 90 urteko irudi historikoak ikusi ahal izango dira hiriko hainbat gunetan. Orotara 40 irudi inguru izango dira.
Hauez gain, erakusketak ere izango dira. Irailaren 3tik 19ra bitartean, Jostorratzaren zuloa: 1936 – Gerraren umeak erakusketa izango da CBAn. Gerraren ondorioz ihes egin eta euren burua erbesteratu behar izan zuten umeen omenezko erakusketa izango da. Irailaren 17an, gainera, 18:30ean, erakusketari buruzko hitzaldi bat eskainiko dute, Los niños y las niñas de la guerra: Evacuación y exilio izenekoa.
Bukatzeko, hitzaldi sorta antolatu dute. Ondorengoa da hauen egitaraua:
- Irailaren 24an: Fernando del Rey Reguillo. Violencia política y polarización en las retaguardias.
- Urriaren 3an (18:30ean): Santiago de Pablo. El verano del 36 en el País Vasco: Posicionamientos políticos y actitudes sociales.
- Urriaren 9an (ingelesez, aldibereko itzulpenarekin): Enda McGarry. El combate en Irun (1936): Despliegue, armamento y unidades en contienda.
- Urriaren 14an: Aitzol Arroyo eta Aitor Azurki. Borrokalari internazionalistak 1936ko Gerran Irunen eta Gipuzkoan.
- Urriaren 16an: Pedro Barruso. La campaña de Gipuzkoa y la defensa militar de Irun.
- Urriaren 24an (euskaraz): Xabier Irujo. Erabateko gerraren estrategia: Izuaren erabilera eta Ipar frontearen erortzea.
- Azaroaren 6an: Mertxe Trantxe. El incendio de la ciudad, vivencias locales y las mujeres en la resistencia.
- Azaroaren 13an (euskaraz): Iñaki Goiogana. Iparraldera exodoa eta euskal errefuxiatuen kudeaketa.
- Azaroaren 25ean: Gloria Campoy. Solidaridad catalana con los refugiados iruneses acogidos en Cataluña durante la guerra civil.
- Abenduaren 4an: Paco Etxeberria. El estado de la memoria hoy: Balance, retos actuales y la Ley de Memoria Democrática en España.
Txostena Aranzadi eta Antxeta Irratiaren eskutik
Antxeta Irratiak gertakari historiko honen “benetako kontakizuna hedatzen”, iaz hasitako lanari jarraiki, memoria historikoaren arloan egiten ari den lanari jarraipena eman nahi dio komunikabideak. Horregatik, Irungo bonbardaketaren benetako egia kontatzeko txostena aurkeztuko dute irailaren 2an, Irungo Udalean.

