Zenbait gune publiko garbitu eta hobetzeko eskaerak egin ditu EAJk
Arratoi hilketa lanak egitea, edukiontzi gehiago jartzea edo garbiketa lanak egitea eskatu diote jeltzaleek udal gobernuari.
Txinzerreko langile bat hondakinen edukiontziak garbitzen. Hondarribiko EAJ udal taldeak herriko zenbait gune publiko egoki eta garbi mantentzeko eskaerak helarazi berri dizkio udalari, taldeko iturrien arabera, “herritarrengandik jasotako kezka eta beharrei erantzunez”.
Batetik, Itsasargi kalean eta Butron pasealekuan arratoi hilketa lanak egitea eskatu dute jeltzaleek, inguru horretan antzematen direla argudiatu baitu taldeak. Bestetik, udan zehar zabor edukiontzien eta haien garbiketa indartzea eskatu dute. Eta azkenik, Santiago kalean paperontziak jartzeko eskatu du EAJk, “obrak bukatu zirenetik oraindik ez baitira jarri”.
Taldetik aipatu dutenez, “eguneroko kontuak” dira, baina “hiria zaintzearen eta herritarren bizi kalitatea hobetzearen parte ere” badirela diote. “Jarduketa txikiak dira, baina uste dugu garrantzitsua dela gai horiei arreta jartzea, herritarrek helarazten dizkigutenak entzutea eta udalari erantzun bat emateko eskatzea”, esan dute.

