Bakailua izango da protagonista larunbatean
Hondarribiko Bakailu Pil-Pilean Txapelketa egingo dute larunbatean, Damarri plazan, Zumardikoak elkartearen eskutik. Izen ematea oraindik irekia dago.
Marmitakoa izan zen uztailean, eta orain, bakailua. Hondarribiko Bakailu Pil-Pilean txapelketa egingo dute larunbatean hamazazpigarren aldiz, Zumardikoak elkartearen eskutik. Iaz bezala, Miguel Tovarren oroimenez egingo dute lehia, hark txapelketarekin zuen harreman estua zela eta. 09:00etan hasiko dira, Damarri plazan.
Sukaldaritza eta herritarrak uztartzeko xedea dute Zumardikoak elkarteko kideek. Hainbat txapelketa gastronomiko egiten dituzte urtean zehar, hala nola babarrunena, marmitakoarena eta larunbat hontako bakailuarena. “Gure gastronomiaren tradizioa bizirik mantentzeaz gain, sukaldaritzaren inguruan herritarrak elkartzeko eta parte hartzeko guneak sortzen dituzte horrelako txapelketek”, esan dute elkartekideek.
Maila altuko epaileak izango dira bertan larunbatean. “Gorka Txapartegi, Alameda jatetxekoa; Iñaki Gezala, Batzokikoa; Amaia Urdangarin, Badia jatetxekoa; Xabi Izagirre, Arraunlari Berri jatetxekoa; Mikaela, Mika jatetxekoa eta Jon/Arantxa Ayala, Laia jatetxekoak izango dira bertan”, adierazi dute Zumardikoek.
Epea irekita
Oraindik irekita dago txapelketan parte hartzeko epea. 621 154 622 telefonora deituz edo Whatsapp bidez abixatuta eman daiteke izena.”Parte-hartzaileek euren bakailao kazola prestatu beharko dute, eta horretarako beharrezkoak diren osagai eta material guztiak eraman beharko dituzte”, esan dute elkartetik. Gainera, txapelketaren ondoren bazkaria izango da Batzokian, egindako bakailuarekin, eta bertan izen ematea ere irekita dago.

