Aldarrikapenez betetako parranda
Asteburu honetan, Moskuko Jaiak antolatuko dituzte modu autogestionatuan; publiko guztiarentzako jarduerak prestatu dituzte ostegunetik igandera.
Sanmartzialak Irungo festa nagusia den arren, Moskuko Jaiek ere badute zer esan handia. Urtero, jende ugari biltzen da Moskun eta inguruko kaleetan. Aurtengoak, lau egunekoak izango dira: ostegunetik, hilak 13, igandera, hilak 16. Urtero legez, asanbladak modu autogestionatuan antolatuko ditu auzoko jaiak, bizilagunei eta auzoko komertzioei esker. Izarraren gainean elkarrekin dantzatuko dugu lelopean, adin guztientzako jarduera ugari antolatu dituzte, beste urte batez, musika festetako protagonista nagusia izanik.
Pregoia ostiralean bada ere, ostegunean Biglak ondutako fanzinearen aurkezpena egingo dute plazan, 19:00tan. Ondoren, Palestinari buruzko erakusketa bat antolatuko dute. Ostiral arratsaldean, 19:30ean, jaiei hasiera emango diete eta gaueko ordu txikiak arte dezibelioek Mosku hartuko dute. DJ Lekuk festa hasiera girotzeko ardura izango du, eta 22:00etan kontzertuen txanda helduko da: Perlata, Txintxes eta Stupid Fuckin People taldeak ariko dira.
Larunbata ardo dastaketarekin hasiko dute. Aurten, ardo dastaketa berrartu dute azken urtean egin gabe ondoren. 14:00etan, herri bazkaria egingo dute eta bazkalostean Selektah Stepi eta lagunek plaza inguruak musikaz beteko dituzte. Gauerako lau kontzertu iragarri dituzte, 21:00etan hasita: Niña Dioz, La Basu, EZEZEZ eta The Border Outlaws.
Igandean haurrek egunari hasiera emango diote. 11:00etan, haurren jolasak prestatuko dituzte plazan, eta haiek amaitzean, patata tortilla lehiaketa egingo dute txosnan. Arratsalderako, mus txapelketa, toka, boloak, artisau eta bigarren eskuko azoka eta Kemen Dantza Taldearen emanaldia iragarri dituzte. 17:30ean Irunabarrekoek bertso-saioa egingo dute. Bertan, Irantzu Idoate, Igauri Lopetegi, Jon Luzuriaga eta Ekhiñe Zapian bertsolariak ariko dira kantuan, Oinatz Mitxelena gai jartzaile lanetan delarik. Jaiei amaiera emateko sardinada egingo dute, eta Selector Don Loopek jaiak ixteko pintxada egingo du.
Egun hauetan agerikoak izango dira aldarrikapenak eta elkartasun keinuak Moskun, Peña kalean eta auzoan oro har. Urtero legez, beste herrialdekiko elkartasuna adierazteko festetan bildutako dirua Palestina eta Venezuelara bideratuko dute.

