90 urte, faxistek Irun hartu zutenetik
1936ko abuztuaren 9an faxistek Irun hartu zuten; Irungo suntsiketaren benetako kontakizunaren txostena aurkeztuko dute irailaren 2an.
Artxiboko irudia.Kutxateka 1936ko abuztuaren 9an tropa faxistak Irunera sartu ziren, eta itsas eta aire bidez hiria bonbardeatu zuten. Dragon Rapide markako hegazkin batek kalte materialak eragin zituen hiriaren erdigunean. Aipatutako hura lehenengo bonbardaketa besterik ez zen izan, gertakariak egun luzez luzatu baitziren. Zehazki, irailaren 5era arte. Egun horietan jasandako erasoen ondorioz, irundar askok ihes egin behar izan zuten, eta Hendaiaren bitartez, exodo masibo bat egon zen.
Historialariek Dragon Rapide hegazkinaren lehenengo erasoa saiakeratzat izendatu dute urte luzez. Antxeta Irratiren enkarguz eta Irungo Udalaren laguntzaz, Aranzadi zientzia elkarteak gertakarien txosten zabala eta sakona egin du. 90 urteotan, garaileen kontakizuna nagusitu den bitartean, 40 urtez herritarren isiltasuna eta beldurra nabarmendu dira. Inposatutako kontakizunak honako hau kontatzen du: “Irailaren 4an eta 5ean probokatutako suteak tropa errepublikarren erantzukizuna da”. Kontakizunak haiei leporatzen die, eta horrek Irungo suntsiketaren benetako erantzukizuna ezkutatu du.
Egun, oraindik ere, oso bestelakoa da gizartean kontatzen dena. Xabier Irujo Amezagak, irakasle eta historialariak, Gogora institutuarekin batera argitaratutako Atlas de los bombardeos en Euskadi (1936-1937) liburuan bonbardaketaren datuak dokumentatu zituen. Hala ere, liburuan azaldutako egia historikoa ez du beharrezko zabalpenik eduki. Oraindik ere, gizarteak bonbardaketa horiek miliziano anarkistei soilik egozten jarraitzen du.
Antxeta Irratiak gertakari historiko honen benetako kontakizuna hedatzen jarraitu nahi du. Iaz, Etorbidea zubian Irun eta Hondarribiko herritarren exodo masiboaren gaineko erakusketa bat antolatu zuten, eta memoria historikoaren arloan egiten ari den lanari jarraipena eman nahi dio komunikabideak. Hori dela eta, Irungo bonbardaketaren benetako egia kontatzeko txostena aurkeztuko dute irailaren 2an, Irungo Udalean.

