Gimnasia aparatuak jarri dituzte Biteri kalean eta Kasino Zaharran
Pertsona helduen mugikortasuna sustatzeko eta ohitura osasuntsuak hedatzeko xedearekin, aurrekontu parte hartzaileetatik ateratako proposamena da gauzatutakoa.
Helduentzako gimnasia aparatuak jarri dituzte Biteri kalean eta Kasino Zaharrean. Aurrekontu parte hartzaileen barnean jasotako proposamenetako bat zen egindakoa, eta aukeratutako 12etako bta, noski. Zehazki, 12 proposamenetatik lehenengo gauzatua izan da. 200.000 euro pasatxo bideratuko ditu udalak 12 proposamen horietan, eta gimnasia aparatuen kostua 14.371,78 eurokoa izan da.
Hamabi aparatu jarri dira, sei Biterin eta sei Kasino Zaharrean. “Ohitura osasungarriak sustatzeko egitasmo argia da, eta gainera, herritarrek gero eta gehiago erakusten duten kirol ekipamenduen inguruko interesari erantzun diogu horrela”, adierazi du Lupe Queiruga Kirol zinegotziak. Horrez gain, udalak, ohar bidez, adierazi du horrelako erabakiekin Hondarribiko Udalak espazio publikoen erabilera aktiboan ekiten duela.
Pertsona helduen osasunean hobetzeko tresnak dira, dudarik gabe, haien mugikortasuna sustatzeko eta kirola ahalik eta gehien hurbiltzeko xedearekin. Horregatik aukeratu dira bi leku horiek, bat Kasino Zaharrean, pertsona zaharren topaleku denean, eta bi Biteri kalean, herriko jende askok oinez egiten duen bidea baita, non Euskaltegia eta Jostaldi pilotalekua ondoan dauden.
Beste 11 proposamen gelditzen dira oraindik egiteko. Udalak adierazi duenez, hurrengoak dira:
-
Puntaleko haur parkea berritzea – 87.120,00 €
-
Guadalupen zabuak jartzea – 42.350,00 €
-
Butroi pasealekuko komunen ordutegia zabaltzea – 4.071,57 €
-
Akartegi auzoan bankuak jartzea – 1.815,00 €
-
“Asto bidea” konpontzea – 18.150,00 €
-
Bizikleta-bideen arteko loturen azterketa – 14.520,00 €
-
Helduentzako gimnasia-aparatuak Biteri kalean eta Kasino Zaharrean – 14.371,78 €
-
Hondarribiko euskararen inguruko azterlana – 17.545,00 €
-
Bizikleten aparkalekua Jaizkibel Hiribidean – 1.085,37 €
-
Alde Zaharreko parkinen seinalizazioa hobetzea – 5.747,50 €
-
Zebra-bideen argiztapena Amuten eta Kosta kalean – 2.286,90 €
-
Amute kirolguneko kartelak berritzea – 1.085,37 €

