Josu Zabalaren erailketa jorratuko dute aurtengo Gazte Egunean
Urtero Gazte Egunak gai berezi bat izaten du. Aurtengoa, Josu Zabalaren erailketa izango da, 50 urte beteko dira eta aurten.
Abuztuaren 29an izango da Gazte Eguna. Urtero gai berezi bat gehitzen zaio egunari, eta horren inguruan aritzen dira. Iaz, gaztetxe baten beharra aldarrikatu zuten, eta horretarako, hainbat pegatina, kartel eta bestelako itsatsi zituzten herrian barrena. Duela bi urte ere, Palestinaren auzia jarri zuten mahai gainean, Israelen jazarpena salatuz. Urte hartan, adibidez, egindako etekinak Etxara Palestinaren Aldeko Elkarteari eman zizkioten, horrela dirua Gazara bidaliz. Aurten, herriko auzi bat jorratu nahi izan dute: Josu Zabala Erasunen erailketa.
50 urte beteko dira aurten Josu Zabala poliziak, kasu hartan Guardia Zibilak, hil zuela. Irailaren 8an izan zen, Alardearen osteko manifestazio batean. “Eduardo Moreno Bergareche Pertur-en desagertzea salatzeko eta presoen askatzearen eta amnistia eskatzeko mobilizazio bat burutzen ari zenean, espainiar estatuko indar polizialak Guardia Zibila buru zutela, San Pedro kalera bortizki sartu ziren, bertan zeuden pertsona guztiak erreprimituz eta Josu Zabala tiroz erailiz, gaur egungo Txantxangorri tabernaren kalezulora sartzekotan zela”, azaldu dute Gazte Eguneko kideek, egindako post berezi batean.
Gazteek azaldu dute ardura bat dutela, haien belaunaldien artean Josu Zabalaren erailketa azaltzeko, eta horrek izan zituen ondorioak transmititzeko. Horregatik, Gazte Eguna antolatzerakoan, lan talde berezi bat sortu dute, Josu Zabalaren afera jorratzeko, komunikazioari begira. Iragarri dute ostiralero astekari itxurako argitalpen berri bat igoko dutela, Josu Zabalaren erailketaren hainbat ikuspuntu jorratuz. Testuinguru politikoa azaldu nahi dute, eta urte hartan Euskal Herrian izandako aurrekariak baita ere. Horrez gain, egun hartan gertatutakoa xehetasunekin azaltzeko helburua dute.
Hurbiltasuna
Gazte Eguneko kideek diotenez, afera ez da Instagrameko argitalpenetara mugatuko soilik. Egunean bera zerbait berezia egiteko asmoarekin dabiltza, eta 2016. urtean egindako dokumentala gazteen artean zabaltzea gustatuko litzaieke. “Konturatu gara gazteok badugula zer esan, eta gai hau bereziki transmititu beharrekoa dela. Gure adina zuen Josu Zabalak guardia zibil batek tiro egin zionean, beraz, badugu hurbiltasun hori. Gainera, erakutsi nahi dugu ere hau ez dela duela ehunka urte pasatako zerbait. Soilik 50 urte pasa dira, eta zoritxarrez horrelako kasuak maiz ikusten ditugu oraindik”, azaldu du kide batek.

